22:30ean
Joseba Arguiñano Legution izango da 'Sukaldaria' saioaren gaurko atalean
EiTB
Bueltan da 'Sukaldaria' saioa ETB1en, eta Legutio herria eta bertako gastronomia ezagutuko ditu Arguiñanok lehen atalean.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Zenbait aste atseden hartzen eman ostean, bueltan da Joseba Arguiñano ETB1eko 'Sukaldaria' saioarekin. Energia guztiak berreskuratuta, Legutio bisitatuko du bertako istorioak eta gastronomia ezagutzeko asmoz.
Hasteko, Errementari elkarteko kideek plater ugari prestatuko dituzte, denak musikarekin jantzita. Josurekin zuhaitzak landatuko ditu Josebak, eta baratzea ikusi eta gero, saiheskia prestatzen lagunduko dio. Maria Jesusek, Josuren amak, txitxar opilak prestatuko ditu postrerako. Baserriko antzaren arrautzak erabiliz, bazkari mundiala egingo dute eta Josuren txistu errezitaldi batekin amaituko dute.
Kirola ere egin beharko du Josebak, tripa ondo bete nahi badu. Horretan jarriko dute Boga Boga arraun elkarteko kide diren Enekak eta Albertok. Entrenamendu moduan, Eneka eta Joseba arraunean joango dira Legution oso famatua den barbakoa lekura. Alberto han izango dute zain, eta elkarteak egiten dituen hainbat ekintzari buruz mintzatzen diren bitartean, hamaiketako bikaina egingo dute.
Ondoren, Maider ezagutuko du aurkezleak. Kanaria uharteetakoa jaiotzez, Legutiora etorri zen bizitzera, eta gaur egun artzaina da. Bere bizitzari buruz mintzatzen diren bitartean, Josebak lan asko egin beharko ditu: ardiekin, hain zuzen ere. Kortan sartzea lortutakoan, esnea atera beharko die, gero Maiderrekin batera gazta egin ahal izateko. Maiderrek gazta oparituko dio, Josebak bere errezeta presta dezan.
Blanka buztingilea da eta lanbide eder honen sekretuak erakutsiko dizkio gure sukaldariari. Buztina ondo landu ostean, tornuan kaiku bat egingo dute. Antzinako labea ikusteko aukera ere izango du Josebak. Ikasitako guztia eskertzeko, zarauztarrak plater bat prestatuko dio Blankari: tipula-zopa, zopako ogiarekin eta gazta urtuarekin. Horretarako, Maider artzainak emandako gazta aprobetxatuko dute, eta lapikoa Blankak berak erabilitakoa izango da.
'Sukaldaria' asteazkenetan izango da ikusgai, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.