22:30ean
Tolosan izango da 'Sukaldaria' saioa gaur gauean
EiTB
Tolosarren istorio eta sukaldaritza espezialitateak ezagutuko ditu Joseba Arguiñanok.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gaur gauean, 'Sukaldaria' saioaren atal berri batekin gozatu ahal izango dugu. Joseba Arguiñanok Tolosa bisitatuko du oraingo honetan, bertako jendearen istorio eta espezialitate gastronomikoak ezagutzeko asmoz.
Javi Rivero izango da protagonistetako bat. Ama tabernaren jabeetako bat da, Tolosako taberna ospetsuenetariko bat. Josebari bere plateretako bat prestatuko dio: azpizun entsalada. Horretarako, Alejandro Goya harategia bisitatuko dute, bertan haragi pieza osoa moztu ondoren erosi eta sukaldean prestatzeko.
Bixente eta Aintzane Artola aita-alabak adituak dira babarrunen arloan. Familiaren baserrian ekoizten dituzte, eta azken urteetan elkarrekin aurkeztu dira Tolosako babarrun txapelketa ospetsura, eta txapela ere lortu dute. Aurkezle zarauztarrak plater hau dastatu eta etxera eraman ahal izango du. Trukean, bere errezeta bat eskainiko dio Bixenteri.
Tolosako herria oso ezaguna da txotxongiloengatik. Arte hau gertutik bizi ahal izango du Josebak, June Gerrikoren eskutik. Hasteko, barazkiak erosiko dituzte Soronea denda ekologikoan, txorizo beganoa dastatzeaz gain. Amaitzeko, Topicen, barazki txotxongilo bat egingo dute.
Kontxi Dorronsoro maisua da txipiekin, eta edozein plater presta dezake osagai horrekin: entsaladak, pintxoak... Baita izozkia ere. Kontxik Mutiu pintxo ezagunaren sekretuak kontatuko dizkio gure sukaldariari. Txipi ogitarteko batzuk prestatu ostean, jubilatuen koadrila baten bisita jasoko dute, eta beraien poteoko jolas ezagun batera jolastu ahal izango dute: katutxo.
Hau guztia eta gehiago, 'Sukaldaria' saioan, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.