Itxi

22:30ean

Joseba Arguiñano Oiartzunen izango da gaur gauean 'Sukaldaria' saioan

EiTB

Leer en Castellano

Gure Zirkua ikuskizunaren protagonistekin izango da Joseba, eta, horrez gain, erromatarren garaitik ustiatu den Arditurriko Meategian barrena murgilduko da.

Your browser doesn’t support HTML5 video

'Sukaldaria' saioa Gipuzkoa aldean izango da gaur gauean. Oraingoan, Joseba Arguiñano Oiartzun herrian murgilduko da, bertoko bizilagunen istorio eta pasarte gastronomiko ugari jasotzeko.

Hasteko, Iker Galartza aktoreak sortutako Gure Zirkua izango da protagonista. Arguiñanok ikuskizun ibiltariaren bizimodua barrutik ezagutuko du, eta egun batez artista bihurtuko da; akrobazia eta malabarismo saioak egin beharko ditu. Halaber, fantasiaz beteriko eremu horretan mago batekin sukaldean aritzeko aukera izango du.

Gainera, aparteko lorategi botaniko baten sekretuak ezagutuko dituzte. Iñigo Segurola paisajista eta aurkezleak sortu duen espazio naturalean barneratuko da Arguiñano. Loreak eta belar usaintsuak bilduko dituzte, ondoren zapore handiko entsalada bitxi-bitxia prestatzeko.

Horrez gain, Oiartzungo paisaien edertasunak ezkutatzen duen historia latzaren berri izango du saioak: gogora ekarriko dituzte frankismo garaian Aiako Harriaren inguruan bortxaz eginarazitako  lanak. Lan horien gune nagusietara joango da Arguiñano: Lesaka eta Oiartzun zeharkatzen dituen errepidea eta gaur egun Arritxulo aterpetxea den eraikina. Horretarako, Mikel Mendizabal Trabajadoriak, frankismoaren gatibuak Oarsoaldean dokumentalaren zuzendaria eta Peio Portu aterpetxeko arduradunetako bat izango dituzte lagun.

Kontrabandoko istorioak ere izango dituzte saio honetan, eta Jesus Portuk isilpeko mundu misteriotsu hori erakutsiko du. Pierre Elizondorekin batera, Arditurriko Meategian jardun izan da Portu, eta bi lagunen eskutik barneratuko da Joseba erromatarren garaitik ustiatu den meazuloan. Bukatzeko, Josebak aparteko errezeta bat prestatuko du: bakailaoa, bere ukitu bereziarekin.

'Sukaldaria' asteazkenetan izaten da ikusgai, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)