Aste honetan
Gasa aztertzen duten mikrosensoreak hizpide, 'Teknopolis'en
A.H.
EITB
Horrez gain, urpeko mugikorren berri emango du saioak.
Esan ohi da hurrengo iraultza industriala eta teknologikoa mikro eta nanoteknologien eskutik etorriko dela, eta, irudikatzen hasita, ia fikziozko gailuak etortzen zaizkigu burura. Hala ere, uste baino gauza xumeagoetan ikusiko ditugu laster teknologia berri horiek. Adibidez, etxe edo lantokietan aire garbia arnasten lagunduko diguten gailuen barruan joango dira, edo gas naturalaren kalitatea neurtuko dute eta ordainagirietan etorriko da datu hori. CICmicrogune ikerketa-zentroan ari dira hori posible egiteko lanean eta aste honetako 'Teknopolis' saioa bertan izan da ikerketa horien berri izateko.
Horrez gain, beste berrikuntzak ezagutzeko parada egingo du saioak eta urpeko mugikorren berri emango du. Mugikor honek, denek bezala, deiak egiteko, Internetera konektatzeko, GPS bidez nabigatzeko edo musika entzuteko balio du. Baina, horrez gain, kolpeak, hautsa eta ura jasateko gai da. Izan ere, ur azpian, metro bateko sakoneran, sar dezakezu ordu-erdiz. Zertarako? Alaitz Ochoa de Eribek kontatuko dute, mugikor berri honek izan ditzaken erabilpenak.
Bestalde, eta uda iristeko pare bat hilabete falta direnean, Gazteentzako Zientzia Udalekuak ezagutuko ditu saioak, aukera bikaina izan baitaitezke etxeko gaztetxoentzat.
Amaitzeko, 'Teknopolis'ek gertutik ezagutuko duen zientzialaria Sergio Faria izango da. Haren esanetan, Antartikan egotea beste planeta batean egotearen parekoa da. Egonaldi luzeak egin ditu Hego poloan, poloetako izotzaren egitura aztertzen. Bere ikerketak lurralde hotzetara eraman badu ere, sortzez klima beroko txoko batetik dator, Curitibatik, Brasildik. Fisikaria da, Ikerbasqueko ikertzailea, eta BC3-n lan egiten du.
'Teknopolis' gaur ETB-en emitituko da 23:15etik aurrera, eta ostegunean 00:30ean ETB-2n.