Itxi

XVI. denboraldia

'Teknopolis'ek zientzia eta gastronomiari eskainiko dio lehen saioa

A.E.

EiTB

15  urte eta Sarean tarte berriak; drome kameraren irudi ikusgarriak, bereizmen handiko bideokonferentziak, eta Lanbide Heziketari buruzko bideo sorta, denboraldi honetako nobedadeak.

XV. urteurrena beteko du 'Teknopolis' saioak telebista-urte honetan, 2014eko otsailaren 20an, zehazki, eta urtemuga horrek kutsu berezia emango dio zientzia eta teknologia saioari.

15 urte izeneko tarte bat sortu dute, denbora honetan zehar jorratu diren hainbat gai gaurko ikuspegitik berriro emateko. Sarean izeneko atal berrian, bestalde, zientziaz eta teknologiaz jarduten duten blogarien laguntzarekin garatuko dute sail hau.

Euskal Herriko geografiaren hainbat toki esanguratsu (paisaiagatik, ingurumen balioengatik, geologiarengatik, biodibertsitateagatik...) grabatuko dituzte airetik, 'drone' kamera bat erabiliz. Irudi horiekin eta 3-4 daturekin pare bat minutuko bideo ikusgarriak egingo dituzte, toki horien beste ikuspegi bat eta berezitasunak nabarmenduz.

Lanbide Heziketari, halaber, modu berezian begiratuko diote aurtengo ekitaldian. Teknika zentroarekin lortutako hitzarmenari esker, Lanbide Heziketari buruzko 10 bideoko serie bat osatuko dute.

Bereizmen handiko bideokonferentziak

- i2basque Sare Akademikoarekin lortu dugun akordioari esker, bestalde, definizio handiko bideokonferentziak egiteko aukera izango dute. Horrek esan nahi du mundu osoko unibertsitateekin jar gaitezkeela harremanetan eta, ondorioz, mundu osoko zientzialariengana iristeko aukera dugula. Punta-puntako pertsonak elkarrizketatuko dituzte, zientzia-alor guztietan erreferente direnak, eta uste dugu akordio honi esker lortuko dugula.

Bestalde, programan saio tematikoei garrantzia eman nahi diete. Aste honetakoan, adibidez, gakoa gastronomia eta zientzia izango dira. Jakiak Sprayean, Basque Culinary Centerren egiten ari diren Ikerketa Sentsoriala, gastronomia argazkiak egiten dituen blogari bat eta Elikagai transgenikoak jorratuko dituzte 15 urte tartean.

Saio monografikoak ere landuko dituzte. Eta dagoeneko lehenengoa martxan daukate: Sexua zertarako?

Saioaren lan-taldea honako hauek osatzen dute, besteak beste: Oihana Jauregi aurkezleak; Nagore Rementeria, Iñaki Leturia, Bego Zubia eta Guillermo Roa erredaktoreek, eta Beñar Kortabarria zuzendariak.

'Teknopolis' ETBn emango da astero, urriaren 12tik aurrera. ETB1en, larunbatetan emango dute, 11:30ean; eta ETB2n, igandetan, 10:00etan. Horrez gainera, sarean ere ikusi ahal izango da, eitb.com eta EITB Nahieran guneetan.


Informazio gehiago (1)