Itxi

Saria

Tecnalia saria ETBko 'Teknopolis' saioarentzat

A.A.

EiTB

Radio Euskadik aipamen berezi bat jaso du 'Graffiti' saioan eskainitako erreportaje batengatik.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Elhuyar fundazioak Euskal Telebistarentzat egiten duen 'Teknopolis' saioak VII. Tecnalia Kazetaritza saria jaso du, gaur arratsaldean AZTI-Tecnaliak Derion duen egoitzan egin den sari emate ekitaldian. Halaber, aipamen berezi bat egin diote Radio Euskadiri, 'Graffiti' saioan eskainitako erreportaje batengatik. Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusia eta bi saioetako ordezkariak joan dira sariak jasotzera.

Tecnalia Kazetaritza Sariak lau kategoria ditu: idatzizko komunikabideak, irratia, telebista eta internet. Bakoitzari 4.000 euroko saria ematen zaio. Aurten, gainera, lau aipamen berezi egitea erabaki du epaimahaiak. Enpresa, akademia, teknologia eta kazetaritza munduko adituek osatzen dute epaimahaia.

'Teknopolis' saioa telebistaren alorrean nabarmendu dute, ikerketaren eta garapenaren alorrean egiten den lana herritarrengana hurbiltzeagatik. Elhuyarrek Euskal Telebistarentzat egiten duen saioak 15 urte baino gehiago daramatza teknologia eta zientzia munduko berri emanez, zorroztasun zientifikoz eta modu dibulgatzailean.

Bestalde, Radio Euskadik irrati-kategoriako aipamen berezia jaso du, Andres Goñik 'Graffiti' saiorako egindako Robótica para la Sanidad erreportajeagatik. Epaimahaiaren ustez, Euskadin berrikuntzaren eta teknologiaren bidez aberastasuna eta lanpostuak sortzen laguntzen ari diren enpresen eta industrien adibide izan da erreportaje hau.

Idatzizko komunikabideen kategorian Elena Arrieta Palacio saritu dute, Expansión astekarian argitaratutako erreportajeagatik; irratiaren atalean, Manuel Hernandez Hurtado, RNEn eskainitako erreportajeagatik, eta internet alorrean, Angelo Attanasio eta Jeronimo Giorgi, www.elperiodico.com webgunean argitaratutako erreportajeagatik.

Beste hiru aipamen bereziak hauek izan dira: Antonio Villarreal, Vocento taldeko Innova+ gehigarrian argitaratutako erreportajeagatik; Pilar Requena, Oscar Martinez, Jesus Paris eta Stella Rodriguez TVEn emititutako erreportajeagatik, eta Marta Palomo de Udaeta www.agenciasinc.es webgunean argitaratutako erreportajeagatik.

Bideoak (1)