Itxi

ETB1en eta ETB2n

Eroskiren logistika-gunera bisita egingo du 'Teknopolis'ek

A.A.

EiTB

Automatizatu berri duten plataformaren funtzionamendua ezagutuko dute.

Aste honetako 'Teknopolis' saioan, Eroskiren Elorrioko logistika-gunera egindako bisita izango da gai nagusia. Plataformaren zati handi bat automatizatu egin dute, eta egitura ikusgarri hori bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute.

Eroskiren egoitza honetatik 300 saltoki baino gehiago hornitzen dituzte, eta denda horien eskariak paletetan biltzen dituzte, produktu ezberdinez osatuta. Orain arte eskuz egiten zuten lan hori, baina orain paleten erdiak erabat automatikoki egiten dira; batez ere, gai astunak sartu dituzte sistema horretan. Horrela, langileek ez dute hain karga handia mugitu behar izaten egunero. Ez da lan erraza izan, Ulma Handling Systems enpresak berrikuntza bat baino gehiago egin behar izan du Eroskiren beharretara egokitzeko.

Ondoren, beste kontu bati erreparatuko diote. Asteazken arratsaldean ESAk IXV prototipoa probatu zuen, arrakastaz. Espaziora atera eta berriz ere onik itzuli zen Lurrera. Ibilgailua ez da oso ikusgarria, tamainaz behintzat, baina aurrerapauso itzela izan daiteke ondoren etor daitezkeenen oinarri gisa. IXV-ren helburua Nazioarteko Espazio Estaziora astronautak eta hornidura garraiatzea, sateliteak mantentzeko lanak egitea edo espazioko zaborra batzea izango da etorkizunean.

'Teknopolis' saioa larunbatean izango da ikusgai ETB1en, 13:30ean, eta igandean, ETB2n, 09:30ean, Iñaki Leturiaren gidaritzapean.

gidaritzapean.

Informazio gehiago (1)