ETB1en eta ETB2n
Pentsu ekologikoak egiteko modua aztergai, asteburuko 'Teknopolis'en
EITB
Horrez gain, ON Zientzia bideo lehiaketaren hiru irabazleen bideoak izango dira ikusgai eta ondoren, maiatzeko argazki lehiaketako irabazlea nor den jakitera emango dute.
Aste honetan 'Teknopolis' saioak, dotore jantzi, eta sariak banatuko ditu. Hasteko ON Zientzia bideo-lehiaketaren berri emango du: Elhuyarrek eta DIPC-k antolatutako lehiaketa honetan dibulgazioko bideoak saritu dira. Lehiketaren 5. edizioa izan da aurtengoa, eta 39 lan aurkeztu dira. Horietatik hiruk saria jaso zuten Donostia 2016ren egoitzan izan zen ekitaldian: dibulgazio bideo onenak, euskarazko bideo onenak eta gazte-mailako bideo onenak. Hiru lan horiek ikusteko aukera izango dute 'Teknopolis'eko ikus-entzuleek.
Sariak banatzen hasita, saioak maiatzean jaso dituen argazki guztien artean, 'Mugimendua' hoberen gauzatu duenak saria izango du.
Sari banaketak ez ezik, oso bestelako gai bat ere izango du aste honetako 'Teknopolis'ek aztergai: pentsuak modu ekologikoagoan egiteko modu bat. Tknikan akuikulturan erabili ahal izateko pentsuak ari dira garatzen. Izan ere, gaur egun pentsuak egiteko oinarria arrain-irina da; hau da, pentsuak egiteko propio arrantzatzen dituzte arrainak, eta hori ekologikoki ez dirudi oso egokia denik, lurrean arrainak hazteko beste arrain batzuk arrantzatzea, alegia. Tknikan elikadura-industriaren azpi-produktuetatik abiatuta, pentsuak ekoizteko ikerketak ari dira egiten. Lumagorri oilaskoen hiltegian batutako odoletik abiatuta eta garagardo-ekoizpenaren legamia-hondarretatik abiatuta, pentsuak nola egiten dituzten ikusiko dute asteburuko 'Teknopolis'en.
'Teknopolis' larunbat honetan emitituko da 13:30etik aurrera ETB1en, eta igandean, 09:30etik aurrera ETB2n.