ETB1en eta ETB2n
Animalia eta intsektu espezien berezitasunen atzetik, 'Teknopolis'en
EITB
Saioak Saguzar belarrihandia eta tigre moskitoa gertutik ezagutuko ditu.
Aste honetako 'Teknopolis' saioa animalien atzetik ibiliko da, animalia berezi samarrak gainera. Lehenik eta behin, abentura itzela biziko du saioak Pirinioetako Bisaurin mendiaren magalean. Gauez, 1.600 metrotatik gora, mendian ibiliko dira Saguzar Belarrihandi Alpetarraren bila. Espezie hori lehenengoz 2003an aurkitu zuten Austriako Alpeetan. Saguzar espezie berezia da, izan ere, garaiera ezberdinetan bizi daiteke: 2.500 metro bitarteko garaieran aurki daiteke, baina baita itsas-mailan ere. Hori bai, beti arrokak dauden guneetan, haitzetan, aurkitzen du babesa.
Antton Alberdi Biologian doktorea da eta Euskal Herriko Unibertsitatean saguzar espezie horren inguruko ikerketa egiten ari da. Berarekin joan da 'Teknopolis' mendira saguzarrak harrapatu eta laginak biltzera.
Bestetik, Euskal Herrian tigre moskitoa detektatzeko egiten ari diren azterketak ezagutuko dituzte. Moskitoek pertsonei hainbat gaitz kutsa diezaiekete, eta pertsonen mugikortasuna aprobetxatzen dute hedatzeko, hau da, gure autoetan bidaiatzen dira. Neikerrek hainbat tranpa jarri ditu euskal lurraldean moskitoa gure artera iritsi ote den jakiteko. Lagin bilketan ibiliko da 'Teknopolis', eta tigre moskitoaren ezaugarriak ezagutu ez ezik, adi egoteko arrazoiak jakingo ditu.
'Teknopolis' larunbat honetan emitituko da 13:30ean ETB1en, eta igandean 09:30ean ETB2n.
ETB2n.