ETB1en eta ETB2n
Teknologia berriak eta adimen artifiziala aztergai, 'Teknopolis'en
EITB
Aste honetako saioak spam pertsonalizatua, salerosketetarako erabiltzen den adimen artifiziala eta emozionometroa aztertuko ditu.
Aste honetako 'Teknopolis' saioak kontsumitzaileongan eragiteko teknologia berriak eta adimen artifiziala nola erabiltzen diren ezagutuko du.
Hasteko, spam pertsonalizatuaz arituko dira, mundu mailan informatika arazo larria bihurtu baita. Mezu elektronikoen %70 spam direla uste dute, eta, ondorioz, posta elektronikoak eraginkortasuna galtzen du. Mondragon Unibertsitateak ikerketa bat egin du spama pertsonalizatu daitekeen ezagutzeko. Interneteko erabiltzaileek sarean (foro, webgune eta abarretan) uzten dituzten helbide elektronikoak eta Facebooken babestu gabe uzten diren datuak erabiliz, spama pertsonalizatu egin daitekeela frogatu dute, eta, gainera, jendeak amua spam arruntean baino askoz gehiago irensten duela baieztatu du. Hurrengo urratsa spam pertsonalizatua saihesteko tresnak garatzea izango da.
Bestalde, adimen artifizialean aditua den Gorka Azkune informatikaria elkarrizketatuko du 'Teknopolis'ek. Besteak beste, erosleak ezer eskatu aurretik produktuak bidaltzea aurreikusten duten egitasmoei buruz hitz egingo dute. Kontsumitzaileak erabaki askeak hartzen al ditu? Adimen artifizialak nola laguntzen die enpresa handiei salmentak areagotzen? Gabonetako erosketak egin aurretik, jakingarri izan daitezkeen gaiei buruz hitz egingo du Azkunek.
Amaitzeko, neurofisiologiaren arloan, Core Strategy enpresak adimen artifizialean oinarrituta sortu duen softwarea ezagutuko du 'Teknopolis' saioak. Tecnaliako osasun sailak garatutako proiektua izan zen, estresa kontrolatu eta autismoa zuten haurrekin lan egiteko helburuarekin. Oinarrizko proiektua abiapuntu gisa hartuta, softwarea marketinera egokitu dute, helburu komertzialekin. Pultsometro batek parametro fisiologikoak neurtzen ditu, pertsona batek sentitzen duen emozio baten intentsitatea antzeman eta emozio hori positibo edo negatiboa den jakiteko.
'Teknopolis' larunbat honetan izango da ikusgai, 13:30etik aurrera ETB1en, eta 09:30etik aurrera ETB2n.
aurrera ETB2n.