ETB1en eta ETB2n
Ziber atakeen aurkako segurtasunaz, 'Teknopolis' saioan
A.E.|EiTB
Halaber, Usurbilgo Lanbide Eskolako biltegi adimenduari buruzko erreportajea erakutsiko dute.
Asteburu honetan 'Teknopolis' saioak ziber erasoetan eta segurtasun neurrietan jarriko du fokua. Urtero, Europar Batasuneko enpresek milioika euro galtzen dituzte ziber erasoen ondorioz. Etekin ekonomikoa helburu duten ziber gaizkileentzat, enpresak dira jomuga erakargarriena. Ondorioz, eraso horiek dira ezagun eta ohikoenak, baina edozein izan daiteke jomuga. Sarean erabateko segurtasuna ez da existitzen, baina oinarrizko neurri batzuk kontuan izatea komeni da.
Segurtasunak ez ezik, ordenak ere lasaitasuna ematen du. Biltegi adimendun batean izango da 'Teknopolis' Usurbilgo Lanbide Eskolan. 150 lagun inguru ibiltzen da atzera eta aurrera biltegiko 2.000 erremintekin, eta martxan jarri zutenetik ez dute alerik galdu. Sekretua RFID teknologian dago.
CAF-Elhuyar sariketako Neiker-Tecnalia sariaren irabazlea, Mikel Etxeberria, izango dute protagonista aste honetako hirugarren erreportajean. Ardiekin egindako ikerketa batengatik saritu dute.
'Teknopolis' saioa larunbatean 12:35ean izango da ikusgai ETB1en eta igandean ETB2n 09:45ean.