ETB1en eta ETB2n
Animaliak ikerketetan erabiltzearen inguruan arituko dira, 'Teknopolis'en
EITB
Saioak animaliak ikerketetan erabiltzeko dauden irizpide etikoak ezagutuko ditu.
Kontu delikatua da ikerketetan animaliak erabiltzea. Gaur egun animaliak ezinbestekoak dira ikerketa asko egiteko, baina, Europan, legediaren helburua da animaliak erabat ateratzea laborategietatik. Horretarako, baina, ordezkatu egin behar dira. Amaia Orbeak, animaliekin egiten den esperimentaziorako EHUko etika-batzordeko kideak, aste honetako 'Teknopolis'en azalduko du zer espezie erabiltzen diren, zer arlotan eta zergatik. Nabarmena da irizpide etikoek asko aldatu dutela ikerketa azken urteotan.
Ikerketetan erabiltzen den animalia arrakastatsuenetako bat zebra arraina da. 1970eko hamarkadan egin zuen salto akuarioetatik ikerketak egiten dituzten laborategietara. Arrain honen arrakastaren gakoa enbrioia gardena izatea da, eta oso azkar hazten denez, zuzenean ikus daiteke nola doazen garatzen horren organoak. Gaur egun, ikerketa-arlo askotan erabiltzen da animalia hori. Hemen bertan, Noainen eta Donostian, bi bioteknologia enpresa ari dira zebra arrainarekin buru-belarri lanean. Adibidez, molekula berriak probatzen dituzte, egunen batean botika izango direnak agian.
'Teknopolis' larunbat honetan izango da ikusgai, 13:25ean ETB1en eta igandean, ordu berean, ETB2n. Bi saioak eitb.eus atarian eskainiko dira, ordu berean, streaming bidez.