ETB1en eta ETB2n
Bihotza, teknologiaren jomuga, asteburuan 'Teknopolis'en
EITB
Desfibrilagailuak garatzeko ikerketa eta gutxiengo kardiakoen tratamenduak aurreikusteko plataforma analitiko baten garapena ezagutuko ditu.
Bihotzari entzutea garrantzizkoa da, zentzu zorrotzenean. Izan ere, bihotzaren taupaden erritmoak erakusten du pertsona bat osasuntsu dagoen edo kardiopatia bat duen. Batzuetan, begi bistako arrazoirik gabe, pertsona baten bihotzak odola ponpatzeari uzten dio. Kasu horien % 80an arrazoia fibrilazio bentrikularra izaten da, eta tratamendu bakarra du: deskarga elektriko bat pasaraztea bihotzetik. Desfibriladore automatikoak jarri dira leku askotan, eta horiek garatzeko ikerketa ezagutuko du aste honetako 'Teknopolis' saioak. Izan ere, lan handia egin da edozeinek erabiltzeko modukoak izateko. Adibidez, EHUko ingeniarien eta Osatu-Bexen Cardio enpresakoen arteko kolaborazio baten ondorio dira desfibriladore horietako asko.
Bestalde, eta bihotzarekin jarraituz, beste datu bat: gutxiegitasun kardiakoak munduan 23 milioi pertsonari eragiten die. Azken hamarkadetan aurrerapen garrantzitsuak egin badira ere, oraindik eragiten dituen heriotzen tasa altua da. Gaixo guztien sintomak antzekoak badira ere, askotan aldatu egiten dira pertsonaren arabera eta horrek medikuei zailtasunak sortzen dizkie tratamenduak ezartzerakoan.
Urrats garrantzitsu bat datu errealetan oinarritutako eredu informatiko bat edukitzea izango litzateke, tratamendu pertsonalizatuak eta prebentiboak ahalbidetuko lituzkeelako. Mondragon Unibertsitatea, Osakidetzarekin eta BIOEFekin elkarlanean, garatzen ari den OPTIMUS proiektuak tratamendu masiboetan oinarritutako plataforma analitiko aurreratu bat garatuko du, eta aste honetako saioan erakutsiko dute.
'Teknopolis' larunbatean, 13:30ean, izango da ikusgai ETB1en eta igandean, ordu berean, ETB2n. Saio biak streaming bidez eskainiko ditu eitb.eus atariak, ordu berean.