13:30ean
Zientzia protagonista, aste honetan, 'Teknopolis'en
EiTB
Saioak Energiaren Euskal Erakundearen energia trantsiziorako programa ere izango du hizpide.
Zientzia ikusi, entzun, ukitu, sentitu... hori guztia egiteko aukera eskaintzen du Zientziaren Asteak. Han eta hemen, jardunaldi, erakusketa eta era guztietako ekintzak izan dira, eta aste honetako 'Teknopolis' saioak horien laburpen txiki bat jaso nahi izan du.
Orona Ideon, esate baterako, ikasleek berrikuntzak bertatik bertara ezagutu ahal izan dituzte. Izan ere, espazio berean Mondragon Unibertsitateak, IK4-Ikerlan ikerketa zentroak eta igogailuak egiten dituen Orona enpresak indarrak batzen dituzte. Horrelako testuinguru batekin, gaztetxoek zuzen-zuzenean ikusi ahal izan dute berrikuntzarako ekosistema bizi hori.
Beste alde batetik, Euskal Herriko Unibertsitateak 190 jarduera inguru antolatu ditu bost egoitzatan. 'Teknopolis' Bilboko Bizkaia Aretoan antolatutakoan izan da: 21 txoko esperimentu eta azalpen entretenigarriekin. Zientzia adin guztietako pertsonengana gerturatzeko modu atsegina.
Saioa amaitzeko, etorkizunera begira jarriko da saioa. Nolako energia iturriak nahi ditugu etorkizunean? Helburua, oro har, energia garbiak erabiltzea izango da, karbono dioxidoaren emisioak murriztea, energia modu eraginkorrean erabiltzea... Zentzuak hori esaten du, eta baita Europatik datozen arauek ere. Baina trantsizio horretarako kontuan izan behar da zer baliabide ditugun, nola erabiltzen ditugun eta aurrera begira nora joan nahi dugun. Energiaren Euskal Erakundea energia trantsiziorako programa sustatzen ari da maila lokaletik hasi eta gogoeta estrategiko orokorrera, eta 'Teknopolis' saioak proiektu horren inguruan gehiago jakin nahi izan du.
'Teknopolis' saioa larunbatetan izaten da ikusgai euskaraz, 13:30etan ETB1en, eta igandetan, gaztelaniaz, ordu berean, ETB2n. Bi saio horiek eitb.eus atariak eskainiko ditu streaming bidez, eta 'EiTB Nahieran'en ere izango dira ikusgai.