ETB1en eta ETB2n
Hiesa bizirik, aste honetan, 'Teknopolis' saioan
EiTB
Sendabidea ikertzen ari den Jon Badiola medikuarekin egongo dira eta Euskal Herriko hiesdunen egoera aztertuko dute.
Hiesaren kontrako nazioarteko eguna da abenduaren 1a, eta, horren harira, Granadan hasiko dute aste honetako 'Teknopolis' saioa. Han, Jon Badiola mediku lekeitiarra hiesaren sendabidea ikertzen ari da. Hiesaren aurkako tratamenduak ikertzen dituen Europako talde baten partaidea da. Hezur-muineko transplanteak eta haien mekanismoak ikertzen ari dira. Gainera, Sendabidea gertu ala urruti dagoen galdetuko diogu.
Eta Euskal Herrira etorrita, GIBdunen egoera gaur egun nolakoa den aztertuko dute: nola aldatu da gizartearen pertzepzioa gaixotasun horren aurrean? Duela 30 urte lehenengo kasuak agertu zirenean hiesak heriotza esan nahi zuen. Baina tratamendu antirretrobiralek gaixotasuna kroniko egin dute, lehen munduan behinik behin. Horrek aldatu egin du GIBa transmititzeko arriskuaren aurrean jendeak duen jarrera. GIBdunen eta tratatzen dituzten medikuen iritzia jasoko dugu. Izan ere, hiesaz asko dago esateko oraindik.
'Teknopolis'gaur izango dugu ikusgai ETB1en, 13:30ean, eta igandean, ETB2n, ordu berean, baita eitb.eus-en ere.