ETB1en eta ETB2n
Gaueko izakiak protagonista, aste honetan, 'Teknopolis' saioan
EiTB
Saguzarren bila ibiliko da saioa Ernio mendiaren inguruetan.
Eguzkia sartzen denean eta iluntasuna nagusitzen denean mundu berri bat pizten da, eta horixe da aste honetako 'Teknopolis'en ikusiko duguna. Gaueko animalia ikonikoa, saguzarra, gertutik ezagutuko du saioak. Gipuzkoako Alkiza herriak inguruko natur ondare aberatsa zaintzeko abian jarri duen proiektuaren eskutik, saguzarren bila ibiliko gara Ernio inguruan.
Beste izaki batzuek ere maite dute iluntasuna: espeleologoek, hain zuzen. Belaguatik gertu dagoen Larrako parajeetan haiekin sartuko dira saioaren kamerak lurpean, munduko leizerik sakonenetako bat esploratzera.
Bukatzeko, Atariko Proban, Kristina Zuza EHUko irakaslea ezagutuko dute. Gauez zeruari begira egoteko zuen afizioak bultzatu zuen agian fisika ikastera.
'Teknopolis' saioa gaur izango da ikusgai, 13:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en, eta igandean, ordu berean, ETB2n eta eitb.eus-en.