ETB1en eta ETB2n
Naturaren eta gizakion arteko harremana, aste honetako "Teknopolis" saioan
EiTB
Koronabirusak saguzarretatik gizakira salto egin zuela esateko ebidentziak aztertzeaz gain, Ana Zubiaga EHUko Genetika katedraduna elkarrizketatuko dute, Elhuyar Merezimendu Saria irabazi berritan.
Aste honetako "Teknopolis" saioan biodibertsitateari erreparatuko diote, eta biodibertsitate horren eta habitaten galerak bizi dugun krisi orokor honetan izan duen eragina izango dute hizpide.
Hasteko, saguzarrez arituko dira Joxerra Aihartza biologoarekin. Koronabirusak saguzarretatik egin zuen salto gizakira. Egia ote? Zer ebidentzia daude hori horrela dela pentsatzeko? Argibide guztiak ezagutzeko aukera izango dugu, saguzarretan espezializatutako aditu baten eskutik.
Unai Pascual BC3ko ikertzailearekin biodibertsitateak jasaten duen presioaz arituko dira, baita horren ondorioez ere. Ez daude urruti bizi dugun osasun-krisia, ondoren etorriko den krisi ekonomikoa eta krisi klimatikoa. Ala krisi bakar bat dira?
Bukatzeko, aurtengo Elhuyar Merezimendu Saria jaso berri duen Ana Zubiaga EHUko Genetika katedraduna zoriontzeko aukera izango dute. Egoera berezi honetan ez da CAF-Elhuyar sarien ekitaldirik izango, baina saioko lantaldeak ez du dibulgatzaile eta ikertzailearekin hitz egiteko aukera galdu nahi izan, etxetik bada ere.
"Teknopolis" larunbatean izango da ikusgai ETB1en, 13:30ean; igandean, berriz, ordu berean, ETB2n. Bi emanaldiak eitb.eus-en jarraitzeko aukera izango da.