Itxi

13:30ean ETB1en

Nanozientziaren ateak parez pare, asteburu honetan, "Teknopolis" saioan

EITB Media

Leer en Castellano

Materialen Fisika Zentroan Ion Errea irakaslea elkarrizketatuko du Iñaki Leturiak. Horrez gain, 'koronabirusaren gakoak' atalean RNA bidezko txertoen inguruan arituko dira.

Iñaki Leturia, "Teknopolis". EITB Mediako irudi bat

Aste honetako "Teknopolis" saioan puntako ikerketa-zentro bat bisitatuko dute: Donostiako CFM Materialen Fisika Zentroa. Materiala bere neurri txikienean ikertzeko helburuarekin jaio zen, eta, bere eragina tarteko, Nature aldizkariak Donostia munduko berrehun hiri zientifikoen artean kokatu du hiriburuan egiten den ekoizpen zientifikoa aintzat hartuta. Fisikariak, kimikariak, informatikariak eta ingeniariak biltzen ditu taldean, eta ikertzaile bikainak izateaz gain, nanozientziaren komunikatzaile iaioak ere badirela erakutsiko dute.

CFMko atarian Ion Errea Lope EHUko irakaslearekin elkartuko da Iñaki Leturia, Ionek bertan ikertzen baititu supereroaleak. Bere ametsa material horiek giro-tenperaturan eta giro-presioan funtzionatzen ikustea da, eta teknologia hori garatzeak ekarriko lukeen iraultza teknologikoaz hitz egingo du.

Koronabirusaren gakoak atalean RNA bidezko txertoak izango dituzte hizpide, Sendagaien Europako Agentziak onartu dituen lehenengoak. Zer esan nahi du horrek? Nola funtzionatzen dute? Eta zeintzuk dira beste txerto moten aldean dituzten abantailak eta desabantailak? Galde hauei erantzuna emango die Ana Galarraga Elhuyarreko zientzia dibulgatzaileak. 

"Teknopolis" saioa larunbatetan izaten da ikusgai, 13:30ean ETB1en; eta igandean, 13:35ean, ETB2n. Bi emankizunak eitb.eus bidez jarraitzeko aukera ere izango da.

Informazio gehiago (2)