Itxi

Estreinaldia

Mutrikuko Flysch Beltzean ekingo dio "Teknopolis" saioak denboraldi berriari, asteburu honetan

EITB Media

Gai berriz josita dator zientzia eta teknologiari buruzko saioa, eta larunbat honetan ETB1en, 15:00etan izango da ikusgai, eta igandean ETB2n, 13:30ean.

"Teknopolis" saioaren lehen atalaren irudia.

Asteburu honetan ekingo dio "Teknopolis" zientzia eta teknologia saioak denboraldi berriari, lehen atala larunbatean ETB1en izango da ikusgai 15:00etan, eta igandean 13:30ean ETB2n. Hurrengo astetik aurrera, berriz, "Teknopolis" bere ohiko ordutegira itzuliko da: larunbatetan 13:30ean ETB1en eta igandeetan ETB2n, ordu berean.

Denboraldi honetan ere ikusleen jakin-mina asetzeko prest dator saioa. Astero 30 minutu interesgarri eskaini nahi dizkie ikusleei, eta, gainera, zerbait berria ikasteak ematen duen poza sentiarazten badie, are hobeto. Iñaki Leturia Yurrita izango da aurten ere aurkezlea, eta zuzendariak, berriz, Nagore Rementeria Argote eta Leturia bera.

Azken hilabeteak koronabirusaren pandemiak baldintzatu ditu; erronka handia izan da "Teknopolis"entzat osasun-krisiaren nondik norakoak publiko orokorrari azaltzea, eta ederki asko gainditu du. Orain ez dute koronabirusaren gaia baztertuko, noski, baina beste asko dituzte esku artean, zientzia, ikerketa eta berrikuntza gelditu ez diren seinale, ez eta gai horiek komunikatzeko beharra ere.

"Teknopolis"en ezaugarrien artean, zorroztasuna eta zehaztasuna nabarmentzen dira, eta, horiekin batera, gertutasuna: izan ere, 24 denboraldik eskarmentu handia eman die zientzia-gaiak modu interesgarri eta entretenigarrian azaltzeko.  

Denboraldi berri honetan landuko dituzten gaien artean, honako hauek ikusiko ditugu: itsaslabarren azterketa droneen bidez, elikadura osasungarriaren eta jasangarriaren arteko oreka zaila, armiarma-sareak, argindarraren prezioaren gorabeherak edo mikrotxipen krisia.

Lehengo atalean, labarrei adi egongo dira

Mutrikuko Flysch Beltzean ekingo dio "Teknopolis" saioak bere 24. denboraldiari. Itsas labarrak leku aproposak dira Lurraren historiari begiratzeko. Ongi baino hobeto dakite hori Jesus Narvaez eta Esperanza Azkarraga fosil-biltzaileek. 48 urte luze daramatzate, afizioz, amoniteak biltzen. Ehunka amonite erraldoi bildu dituzte eta, orain gutxi, Mutrikuko herriari eman dizkiote. Ikerketarako material ederra jaso dute Geoparkeak eta geologo eta paleontologoek, eta tamaina bereziko amonite horien inguruko ikerketa abiatu dute. "Teknopolis"en proiektu berezi hori ezagutuko dute eta afizioak bultzatuta zientziari ekarpen handiak egin dizkioten lagunen bizipenak ezagutuko dituzte.

Labarrak geologikoki aberatsak dira, baina baita aldakorrak eta ezegonkorrak ere. Neurri batean arriskutsua ere bada itsas labarren azpialdean ibiltzea. Arrisku horri neurria hartzeko teknologia asko ari da aurreratzen. EHUko geologo-talde batek dronak erabiltzen ditu, esate baterako, datuak jaso eta iragarpenak egiteko.

Antzeko arazoa dago errepide ertzetako ezpondetan. Baina kasu honetan, ezinbestekoa da lur-jausien arriskua kontrolpean izatea. Saioa Bidegiko teknikariekin izan da lan hori nola egiten duten ikusten.

 

Informazio gehiago (1)