ETB1en eta ETB2n
'Metroz metro', asteburu honetan "Teknopolis" saioan
EITB Media
Cinta Bilbao izena duen zinta ezagutuko dute, larrialdietan haur txikien pisua kalkulatzeko diseinatutakoa; eta korrikan lehen metroak egiten hasteko app bat ere aztertuko dute. Big Bang-aren ondorengo segundoetan gertatutakoa aztertzen duen Joanes Lizarraga ikertzailearekin ere izango dira.
Aste honetako "Teknopolis" programa metro batekin hasiko dute. Cinta Bilbao izena du eta haurren pisua kalkulatzeko diseinatu dute. Zinta bat da, hau da, neurtzeko erabiltzen den horietako baten antzekoa, eta Bilbao izena jarri diote Bilboko haurren datuetan oinarrituta egin dutelako. Larrialdietan erabiltzeko da; izan ere, haur batek istripu bat duenean erabakiak azkar hartu behar izaten dira, eta tratamenduaren dosia eta tresneriaren tamaina pisuaren eta tamainaren araberakoak izaten dira. Zinta itxuraz sinplea izan arren, garatzeko adimen artifiziala erabili behar izan dute Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileek.
Lehenengo metroa egitea izaten omen da zailena, martxan jartzea, alegia; adibidez, korrika egiten hasteko. Teknologiak, baina, bultzada bat eman dezake, entrenamendu pertsonalizatuekin eta, horri lotuta, Runnea enpresan garatu duten aplikazioa ezagutuko dute. Entrenatzaile pertsonalen jarraibideak dituzte oinarri, eta milaka korrikalariren datuak kudeatzeko garaian BCAM matematika aplikatuko zentroarekin kolaboratu dute. Emaitza: edozein mailatako korrikalarientzat egokiak diren entrenamendu-planak eskaintzen dituen aplikazio bat, korrikalariaren egoeraren eta emaitzen arabera egokitzen joaten dena.
Atariko proba atalean, azkenik, Joanes Lizarraga Euskal Herriko Unibertsitateko Fisika saileko ikertzailea eta irakaslea izango da. Unibertso gaztea ikertzen du, hau da, Big Bang-aren ondorengo segundo gutxi haietan gertatutakoa. Zer moduz moldatuko ote da?
"Teknopolis" saioa larunbatean eskainiko da, 13:30ean, ETB1en; eta igandean, 12:15ean, ETB2n. Bi emanaldiak eitb.eus-en ere jarraitu ahalko dira.