Itxi

ETB1en, 22:30ean

Mundu-gerrak eta euskara, gaur, 'Tribuaren Berbak' saioan

A.A.

EiTB

Lehen Mundu Gerraren 100. urtemuga abiapuntu hartuta, gerrek euskarari nola eragin dioten aztertuko du Kike Amonarrizek.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Mundu-gerrek Euskal Herrian izan duten eragina jorratuko du hurrengo 'Tribuaren Berbak' saioak. Izan ere, Lehen Mundu Gerrak 100 urte bete dituen honetan, argi dago gerrek euskarari onik ez diotela ekarri. Horren adibide garbia da Ipar Euskal Herriko egoera. Etsai komuna aitzakia hartuta, bere menpeko lurralde osoa frantsesteko tresna 'ezin hobea' izan baitzen gerra.

Ipar Euskal Herrian euskararen atzerakadan Gerra Handia mugarri izan zela azalduko du Eneko Bidegain Mondragon Unibertsitateko irakasleak. Josu Chueca EHUko Historia irakasleak, berriz, II. Mundu Gerran Guadalcanaleko batailan eta kontzentrazio-eremuetan euskarak zein presentzia izan zuen kontatuko du.

Andoni Lubaki fotokazetaria bere gerra-bizipenei buruz mintzatuko da, eta baita euskal herritar izateak ematen duen enpatiaz ere. Atlanta Photojournalism Seminar saria irabazi du eta bere argazkiak erakutsiko ditu.

Ane Irazabal ETBko kazetariak bere egunerokoa azalduko du Turkiatik. Marc Armspach Marko, komikigileak gerra protagonista duen Les Godillots lana erakutsiko du. Eta Xipri Alberbidek, berriz, lekuko gisa bere testigantza emango du; izan ere, II. Mundu Gerra bizi izan zuen, eta baita Aljeriako gerra ere.

'Tribuaren Berbak' saioa gaur emango da ETB1en, 22:30ean, Kike Amonarrizek gidatuta.

Bideoak (2)

Informazio gehiago (1)