Gaur, 22:25ean
60ko hamarkadan jaso genuen emigrazioa, "Tribuaren Berbak" saioan
Duela mende erdi Euskal Herrira lan bila emigratu zuten etorkinak izango ditu hizpide Kike Amonarrizek gaur gauean, 22:25ean, ETB1en.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Orain berrogeita hamar urte inguru Euskal Herrira lan bila etorri zen emigrazioa izango du hizpide gaur gauean, 22:25ean, ETB1eko "Tribuaren Berbak" saioak.
1960ko hamarkadan, jende asko iritsi zen gurera Espainiako hainbat tokitatik. Bada, aldi horrek -elkarbizitzan ez ezik- euskararen erabileran eta transmisioan nolako eragina izan zuen aztertuko du Kike Amonarrizek. Horretarako hainbat lagun elkarrizketatuko ditu; Jone Miren Hernandez EHUko Gizarte Antropologiako irakaslea, besteak beste. Orain urte batzuk aurkeztu zuen tesian, emigrazioaren gaia aztertu zuen eta handik ateratako hainbat ondorio azalduko ditu saioan.
Programan, Paco Tejadosen kasua ezagutuko dugu. Albaceten jaioa, txikitan Ataunera iritsi zen familiarekin, eta handik Lazkaora joan zen. Gaztetan ikasi zuen euskara, eta euskaraz bizi da ordutik. Gaztetan barik, heldutan euskaraz ikasten ari diren bi lagun ere elkarrizketatuko ditu Kike Amonarrizek: Pablo Bragado eta Beni Hurtado. Zamoratik eta Extremaduratik etorri ziren hona mutil koskorrak zirela, eta gaur egun Durangoko AEKn ari dira euskara ikasten, laneko erretiroa aprobetxatuz.
Jon Maia bertsolaria bere bizipenetatik abiatuko da etorkinen integrazioaz eta bertakoen egokitzapenaz hitz egiteko. Emigrazioaren gaia jasotzen duen Riomundo liburua Euskal Herriko hainbat tokitan aurkeztu du, eta entzuleen hausnarketak partekatuko ditu bertsolari urretxuarrak Kike Amonarrizekin.
Saioak Galiziatik iritsitako etorkin kopuru handia ere aztertuko du. Horretarako, Xose Estevez historialaria eta Anxo Deive irakasleak elkarrizketatuko ditu. Xose Estevez Galizian jaio zen, baina orain urte asko etorri zen hona, eta ondo ezagutzen du Galiziako emigrazioa. Anxo Deive barakaldarra etxetik jaso zuen galegoaren transmisioaz eta euskaraz mintzatuko da.
Barakaldotik atera gabe, Kike Amonarrizek Jesus Eceiza AEK-ko irakasle ohia elkarrizketatuko du, eta integrazioa izango dute biek gai nagusi.
Kale-inkestetan, jatorriaz galdetuko die aurkezle tolosarrak herritarrei, eta aniztasuna ondo baino hobeto geratuko da islatuta inkesta horretan. Hiru aurpegi ezagunek familiako historia kontatuko digute.
Saioaren amaieran, Eva Miguelez eta Maria Jordana gurasoak euskararen transmisioaren garrantziaz egingo dute berba.
Pirinioetako euskara
Hurrengo asteartean –martxoaren 31n-, Kike Amonarrizek Erronkaribar, Zaraitzu eta Aezkoa bisitatuko ditu, hango euskararen egoera zein den jakiteko asmoz. "Pirinioetako euskara biziberrituz" izenburupean, bidaia oso interesgarria egingo du Nafarroako ekialdeko hiru ibar horietatik.