Gaur, 22:25ean, ETB1en
'Euskara dela eta... emakumeek zer diote?', 'Tribuaren Berbak' saioan
eitb.eus
Gaur, 22:25ean, emakumeen ahotsa bilduko du ETB1eko 'Tribuaren Berbak' saioak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Emakumearen eta euskararen arteko harremana aztertuko du Kike Amonarrizek gaur, 'Tribuaren Berbak' saioan (ETB1, 22:25). Zein izan da emakumearen zeregina euskararen transmisioan? Zer jaso dezake euskalgintzak feminismotik? Galdera horiek eta beste hainbat erantzungo dira saioan zehar.
Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendariak ahalduntzeaz hitz egingo du, Korrikako azken edizioan irakurri zuen mezua gogoratuz. Horrez gain, euskarak ahizpak dituen borroka bideez mintzatuko da.
Bestetik, "ama hizkuntza" eta "lehen hizkuntza" ideien arteko ezberdintasunez eta egokitasunez ariko da Itziar Idiazabal EHUko Hizkuntzalaritza katedraduna.
Jone Miren Hernandezek, EHUko Gizarte Antropologia irakasleak, emakumeek euskararen transmisioan izan duen papera azalduko du, bai eta euskararen inguruko azterketetan generoaren ikuspegia kontuan hartzeak duen garrantziaz.
Hurrengo gonbidatua Ines Osinaga Gose taldeko musikaria izango da. Arrasatearrak bere egin du agertokia, protagonista da, eta espazio horretan hartzen duen jarreraz hitz egingo du.
Agertokia, oholtza, plaza, hitza... gizonarenak izan dira nagusiki oraintsu arte. Eta bertsolaritzan? Aspaldian aritzen al ziren emakumeak bertsotan? Non? Galdera horientzako erantzun argiak emango ditu Estitxu Eizagirre Argia aldizkariko zuzendariak.
Hitanoaren egoeraz galdetuko dio Kike Amonarrizek Ritxi Lizartza itzultzaileari; hain zuzen ere, nokaren egoeraz. Galtzen ari ote da? Egoki erabiltzen al dugu toka?
Itxaro Borda idazleak ere zer esana izango du saioan. Besteak beste, bere idazle sorrerez eta Amaia Ezpeldoi detektibearen profilaz hitz egingo du; tartean, Milia Lasturkoaren eresiaz.
Saioa Mari Luz Esteban antropologoarekin amaituko da. Horren bitartez, feminismoak euskarari eta euskalgintzari egin diezaizkiokeen ekarpenak ezagutuko ditugu.
XXI. mendean, hamaika tribu, hamaika euskara
Euskaraz hitz egiteko hamaika modu daude gaur egun. Euskarak kolore asko ditu eta aniztasun hori azaltzea izango da hurrengo 'Tribuaren Berbak' saioaren helburua.