Itxi

ETB1en

Eguberrietako kantuen inguruko 'Tumatxak' berezia, gaur gauean

A.A.

EiTB

Zuhaitz Gurrutxagak Jose Ignazio Ansorena, Mikel Markez, Gonzal Mendibil eta Imanol Urbieta izango ditu solaskide gabon abestiei buruz hitz egiteko.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Aste honetan, Gabon kanten sura arrimatuko da 'Tumatxak' saioa. Euskal kantutegia anitza da Gabon kantei dagokionez, oso oparoa eta jendartean oso zabaldua. Jendeak, ospakizuna heldu ahala, kantatu egiten ditu, etxean nahiz kalean, naturaltasunez kantatu ere, kantuen atzean dagoenari apenas erreparatuz. 'Tumatxak'ek, Zuhaitz Gurrutxagaren eskutik, kantuen atzealde horri begira jartzeko saiakera egingo du, Jose Ignazio Ansorena adituaren laguntzarekin. Nork, noiz eginak dira urtero kantatzen ditugun kantuak? Nork asmatu zituen?

Bestetik, geure musika modernoak gabon kantuei nola heldu dien ere aztertuko dugu. Batzuek ukitu hip-hoperoa eman diote, adibidez Fermin Muguruzak, eta beste batzuek, jazz ukitua, Juantxo Zeberiok, kasu. Doinua ez, hitzak landu ditu gehiago Mikel Markezek; errenteriarrak, izan ere, Olentzeroren figura komertziala kritikatzen duen kantua sortu zuen. Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikelek elkarrekin kantatuko dute kantu hori. Gabonei arreta handiena eskaini duen musikaria, ordea, Gontzal Mendibil izan da; harekin ere bildu da 'Tumatxak', pasio horren zergatiaz galdetzeko.

Saioaren gonbidatu berezienetakoa, hala ere, Imanol Urbieta zarauztarra izango da, 'Ala ken' edota 'Mendi aldetik datoz' kanta ospetsuen egilea.

Eguberri kantuen inguruko 'Tumatxak' saioa gaur izango da ikusgai ETB1en, 21:45ean.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)