Estreinaldia ETB-1en
'Txoriene' saioa hasiko da gaur, Xuban Intxaustik aurkeztuta
EITB
Egunero emango da eta etxe ekologiko bat du plato gisa. Euskal Herriko gastronomia sarea osatzen duten jatetxeetako sukaldari baten bisita izango du astero saioan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
'Txoriene' sukaldaritza saioa hasiko da gaur ETB-1en. Xuban Intxausti izango du gidari eta Alberto Arizkorreta zuzendari, ETB-1en egunero ikusgai izango den saioak. Astero, sukaldari baten laguntzaz, jaki ezberdinak prestatuko dituzte. Horrez gain, plato guztiz berezia ere izango dute: Miramongo belardi gainean beren-beregi Ekoetxek eraikitako etxe modular ekoefizientea.
Euskal Herriko gastronomia sare indartsua osatzen duten jatetxe eta sukaldariak izango dira protagonista saio honetan. Garrantzitsuak, dena dela ere, Euskal Herriko gastronomia esparrua ehotzen duten %90a direlako, saioaren arduradunek dioten legez. Eurek dira hemengo gastronomiaren muin eta funtsa, eta euren lanari bultzada ematea da asmoa. Nola lan egiten duten erakutsi, non ikasi duten, eta jatetxearen nondik norako guztiak jakinarazi nahi dituzte.
Bederatzi astez egongo da telebistan euskarazko sukaldaritza saioa. Bederatzi sukaldari, beste horrenbeste jatetxeren gidari. Denetarikoak izango dira sukaldariak eta jatetxeak, euskal gastronomiaren oinarri sendo eta aberatsaren erakusleiho izango baita 'Txoriene'.
"Sukalde estilo aldetik anitzak gara, norberaren estiloa da ezaugarri bat, gastrotalk bat da, errezetak oso inportanteak dira, baina ez ditugu ahaztu behar norberaren istorioa, non hasi ziren sukaldean, non ikasi, beraien bidaiak, beraien estiloa edo familiako istorioak", dio Alberto Arizkorreta saioaren zuzendariak.
Kasu askotan, adibidez, baserri batetik jatetxera pasa dira, Yosu Belaustegiren kasuan, baserriak ia 400 urte ditu, egun jatetxe eder bihurtu da. Kakoren kasuan ere gauza bera. Jatetxe guzti hauen atzealdean bizitza proiektua dago. "Garrantzitsua da 'Euskadiren muskulu' dugun sukalde esparru hau erakustea, egunero ehunka jatetxetan menuak prestatzen dira, karta izugarri onak ere, kalitatea eta salneurriak batera doaz", diote.
Sukaldariak
Honako hauek izango dira, hain zuzen, ezagutuko ditugun sukaldari eta jatetxeak: Izaskun Olano eta Legorretako Bartzelona; Igor Solaguren eta Iurretako Betixu; Josu Mugerza eta Elgoibarko Belaustegi; Mamen Ollokiegi eta Astigarrako Kako; Iker Markinez eta Ormaiztegiko Kuko; Aitor Llanos eta Muskizko Donibaneko Sagardotegi Batzokia; Aiert Izagirre eta Mutiloko Mujika; Dogartzi Izagirre eta Bakioko Zintziri Errota, eta Haizea Luzuriaga eta Donamariako Benta.
Atal bakoitzaren aurkezpena gonbidatutako sukaldariaren jatetxean egingo dute; sukaldariaren giroa eta bere ingurukoak ezagutarazteko. Eta, ondoren, saioan bi plater prestatuko dituzte. Sukaldariak bere plater ezagunenak prestatzeko aukera izango du aste guztian. Saioko bi jaki egingo dituzte: bata laburra eta bestea landuagoa. Legorretako Bartzekolako Izaskun Olanorekin hasiko dira, hain zuzen ere.
Aste guztian lagun izango dituen sukaldariaren jarraibideak kontutan hartuko ditu aurkezleak. Xubanek ikasi egin nahi du eta galdera asko egingo dizkio sukaldariari, bera bezala jakin eta ikasi nahian dabiltzan ikus-entzuleentzat.
Horrez gainera, egunero telefono dei bat ere sartuko da saioan. Sukaldariaren inguruko norbaiten telefono deia izango da, haren sekretuak agerian jartzeko asmoz.
'Txoriene' 13:30ean, 'Gaur Egun' albistegiaren aurretik, emango da egunero, eta 19:00etan izango du bigarren emanaldia.