Sukaldaritza
Pili Manterola, 'Txoriene'ren denboraldi berriko aurkezlea
Astelehenetik ostiralera, 15:15 aldera aurkezten du sukaldaritza saioa ETB1en Euskal Herriko sukaldari askoren laguntzaz.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Aldaketaz beteta dator 'Txoriene' bigarren denboraldian. Batetik, aurkezle berri batek gidatuko du sukaldaritza saioa: Pili Manterola sukaldariak, alegia. Gainera, ordutegi berria estreinatuko du, eta 'Eguraldia' tartearen ostean izango dugu ikusgai ETB1en, 15:15en buelta horretan.
Pili Manterola Getariako Iribar jatetxe ezaguneko jabea da, eta haren eskutik, saioko sukalde-lanak indartuko ditugu. Baina saioak betiko ereduari helduko dio, eta, astero, jatetxeren bateko sukaldari gonbidatu bat izango alboan aurkezleak, egunez egun, askotariko jakiak prestatzen eta dastatzen.
Debako Urgain jatetxeko Xabier Osa, Larresoroko Aldaburua ostatuko Antxon Amilibia, Zeraingo ostatuko Urki Balerdi, Otxandioko Korostondo erretegiko Jon Estankona, Ainhoako La Maison Oppocako Txomin Massone, Zornotzako Jauregibarria jatetxeko Beñat Ormaetxea eta Oiartzungo Gurutze Berri jatetxeko Xabier Zapirain izango dira Pili Materolarekin batera lanean arituko diren sukaldarietako batzuk.