Txoriene
Leioako Ostalaritza Eskolako ikasleak, aste honetako 'Txoriene' saioan
I.Z
Bilbo
Ikasleek Pili Manterola aurkezlearen laguntza edukiko dute. Entrekota Tresviso gaztarekin, ahate eta foie kaneloiak eta beste hainbat plater berezi prestatuko dituzte.
Aste honetan 'Txoriene' saioak gonbidatu bereziak izango ditugu. Normalean jatetxe bateko sukaldaria etortzen den arren, oraingoan eskola bat etorriko da programara, baina ez edonolako eskola: Leioako Ostalaritza eskolako ikasleak izango dira gonbidatuak.
Lehenengo eta bigarren mailako ikasleek entrekota Tresviso gaztarekin, ahate eta foie kaneloiak edota Jogurt Bavairosa izeneko platera prestatuko digute. Egunero, ikasle bat arituko da saioan eta Pili Manterolarekin plater motz bat eta luze bat prestatuko ditu.
Astelehenean, Markel Burón López 1. mailako ikaslea izango da gonbidatua. Muskizen jaio zen arren, Getxon bizi izan da 20 urteko gaztea. Asko gustatzen zaio etxean platerak diseinatzea eta sukaldaritza munduko aldizkariak irakurtzea gustuko du. Bere buru barneko ilusio eta ametsak plateretan azaleratzeko aukera ikusi zuen sukaldaritzan, eta hortik aurrera sukaldaritza munduan zentratu zen. Markelek programan masail iberikoa eta perretxiko- eta otarrainxka-entsalada epela platerak prestatuko ditu.
Asteartean, berriz, Julen Valle Merino sukaldaritza eskolako 2. mailako gaztea izango da programan eta honako plater bi hauek prestatuko ditu: zapo eta bieira broxeta amerikar saltsarekin eta entrekota Tresviso gaztarekin. Julen 21 urteko bilbotarrak familian gastronomiarekin harreman handirik eduki ez duen arren, betidanik gustatu izan zaio sukaldaritza, eta programa gastronomikoak atsegin ditu.
Alaitz López Rubio, sukalde zuzendaritzako 2. ikasturteko ikaslea, izango da asteazkeneko gonbidatua. Betidanik gustatu izan zaio sukaldean aritzea, eta eskolako sukaldean denbora asko ematen zuen ikasten; ahuakate eta otarrainxka-moussea tomate konfitatuarekin, eta ahate eta foie-kaneloiak prestatuko ditu.
Ostegunean, aldiz, Eneko Ruiz Alonso izango da gonbidatua, 2. mailako ikaslea ostalaritza eskolan. Galdakaon bizi den 20 urteko gazte honek Zurrukutuna platera eta Perigord saltsaz betetako galeperrak prestatuko ditu.
Astea bukatzeko, ostiralean, lehenik Alaitzek eta Enekok oilasko-hegal kurruskaria arrautzarekin platera prestatuko dute eta, ondoren, Markelek eta Julenek Jogurt-Bavaroisa azkenburukoa egingo dute.
Ez galdu aste honetan Leioako Ostalaritza Eskolako ikasleen errezetak, Pili Manterolaren laguntzarekin.