Gastronomia
Beasaingo RK jatetxeko Iban Mate, 'Txoriene'n
LEIRE ALTAMIRA
Bere jatetxean dastatu daitezkeen platerak prestatuko ditu Pili Manterolarekin. Goierriko produktuak erabiliko ditu Iban Matek bere errezetak egiteko.
Beasaingo RK jatetxeko Iban Mate sukaldaria izango da aste honetako 'Txoriene' saioan gonbidatu. Jatetxe horretan dastatu daitezkeen platerak prestatuko ditu Pili Manterola aurkezlearekin.
Iban Mate sukaldariak Dolarea Hotela du Beasainen, eta, Arantxa Ranchorekin batera, hotelean bertan dagoen RK jatetxeko burua da. Ingurugiro paregabean dago kokatuta, Igartza monumentu multzoan, XVII. mendeko baserri eraberritu batean.
Sukaldaria izateaz gain, sommelier edo ardozaina ere bada Iban Mate. Askotan hartu du parte Urrezko Sudurra txapelketan, eta finaletara sailkatu da behin baino gehiagotan. Esperientzia horrekin, ardo karta berezia ere eskaintzen dute jatetxean.
Astean zehar eguneko menua ematen dute eta asteburuetan menu bereziak. Bere jatetxeko kartan eta menuetan eskaini izan dituzten hainbat plater prestatuko ditu aste honetan Iban Matek. Goierriko produktuak erabiltzen ditu jatetxean, eta zeliakoentzat glutenik gabeko errezetak ere eskaintzen dituzte kartan.
Astelehenean, Idiazabal gaztaren entsalada epela Olabarriko txakolinarekin eta orein haragizko bolak prestatuko digu; asteartean, foie micuita pikillo piperren marmeladarekin eta izokin papillotea, onddoekin eta berro-saltsarekin. Asteazkenean, glutenik gabeko tostada eta txokolatez betetako bizkotxoa, txokolatezko estaldurarekin. Ostegunerako, urraburua gatzetan, tenpuran egindako barazkiekin eta Beasaingo odolki kaneloi gainerreak. Astea bukatzeko, sagar risottoa eta barazkiak curryarekin eta kanguru azpizuna tomate marmeladarekin.
Hauek, beraz, 'Txoriene' ETB1eko sukaldaritza saioan aste honetan, astelehenetik ostiralera, 15:15ean ikus ditzakegun errezetak.