Itxi

Gastronomia

Ordiziako Martinez jatetxeko Xabier Martinez sukaldaria, 'Txoriene'n

Bere jatetxean dastatu daitezkeen platerak prestatuko ditu Pili Manterolarekin. Tradizioa eta modernotasuna batzen dituen sukaldaritza landuko dute.

Ordiziako Martinez jatetxeko Xabier Martinez izango da aste honetako 'Txoriene' saioan gonbidatu. Jatetxe horretan dastatu daitezkeen platerak prestatuko ditu Pili Manterola aurkezlearekin.

Xabier Martinez Ordiziako Martinez jatetxeko gerentea eta sukaldaria da. 1890ean ireki zuen bere familiak jatetxea, eta Ordiziako klasikoetako bat da. Tradizioa eta modernotasuna batzen dituen sukaldaritza lantzen dute.

Sasoiko sukaldaritza lantzen dute, batez ere, eta sasoiko produktuak erabiltzen dituzte euskal sukaldaritza tradizionalari modernotasun kutsua emateko. Gainera, pintxoetan ere adituak dira, eta tabernan eskaintza handia eta ona izaten dute.

Bere jatetxeko kartan eta menuetan eskaini izan dituzten hainbat plater prestatuko ditu aste honetan Xabier Martinezek.

Astelehenean, Raf tomate entsalada mozzarelarekin, bakailao ketuarekin eta pinazi, ezti eta albaka ozpin-olioarekin, eta txerri iberikoaren masailak patata pure arinaren gainean, perretxiko salteatuekin eta julianan ebakitako porru frijituarekin; asteartean, onddo nahaskia, eta itsaskiz betetako legatza amerikar saltsarekin; asteazkenean, udaberriko zizen salteatua iberikoarekin eta malko ilarrekin, eta tripakiak; ostegunean, orburu entsalada epela ganbekin, eta legatz konfitatua, pikillo kremaren gainean eta porru frijituarekin; ostiralean, arkume-solomoa idiazabal gaztaz udaiztatua eta labean lakatua eztiarekin, sesamoarekin eta ezkai kutsuko zukuarekin, eta mami kopa eztiarekin eta intxaurrekin.

Horiek, beraz, 'Txoriene' ETB1eko sukaldaritza saioan aste honetan, astelehenetik ostiralera, 15:15ean ikus ditzakegun errezetak.

Informazio gehiago (1)