ETB1en
Zumaiako gaztetxoak protagonista, 'Txoriene' saioan
A.E.
EiTB
Maria eta Jose Ikastetxeko Lehen Hezkuntzako eta DBHko ikasleak arituko dira sukaldean Pili Manterolarekin, aste honetan, Pazko Astean.
Zumaiako Maria eta Jose Ikastetxeko gaztetxoak hartuko ditu protagonista 'Txoriene' saioak Pazko Astean. Lehen Hezkuntzako 3, 4, 5 eta 6. mailako eta DBHko 1go mailako ikasleak (9-13 urte bitartekoak) izango ditu lagun Pili Manterolak ETB1eko sukaldaritza programan.
Lehen egunean, Woody Watkins eta Naroa Egaña arituko dira sukaldean, haragi bolak eta etxeko petit suissea prestatzen. Bigarren eguneko gonbidatuak Jon Arana eta Ander Ureta izango dira; arrain budina eta limoizko bizkotxoa kozinatuko dute.
Hirugarren eguneko protagonistak Jon Mikel Zarrabeitia eta Izaro Etxabe izango dira. Olagarroa galiziar erara eta fondant gailetak nola egiten dituzten erakutsiko digute. Laugarren saioko sukaldari buruek, Ainhoa Larrañagak eta Mikel Lizarraldek, aukeratutako menua hauxe izango da: mihi-arraina menier erara eta oilasko makilatxoak gusanitos hautsarekin.
Azken egunean, Lide Olaizolak gula eta ganba entsalada epela gertatuko du eta Eider Egañak, berriz, gazta tarta.
'Txoriene' saioa astelehenetik ostiralera 15:00etan dago ikusgai ETB1en.