Kargatzen...
Itxi

Gabonetarako proposamena

Gabonak kilorik hartu gabe pasatzeko, 'Txoriene'ren proposamena

B.F

EiTB

Gehiegizko otorduak ekidin baina ingurukoak liluratzeko asmoz, 'Txoriene'k Gabonetako afari goxo eta orekatuak prestatzeko proposamena luzatzen dizue.

Gabonak bertan ditugu eta ?Txoriene?n festa hauetarako menu bereziak prestatu ditugu. Euskal Herrian, senideekin mahai inguruan elkartu eta bapo jatea gustuko dugun arren, badago urtea kilo batzuk hartu gabe hasteko aukera. Horregatik, ?Txoriene? saioak, Gabonetako afarietarako proposamen hauek aurkezten dizkizue:

Zainzuriak txangurruz beteak

Porru pastela

Pistoa Idiazabal krema eta intxaurrekin

Zigala fideua txigortuaren gainean edo Arkumea barazki tajimarekin

Mango eta laranja zukua banilla izozkiarekin

 

Afaria hasteko,  sarrerako hiru plater proposatzen dizkizuegu, mahaiaren erdigunera atera eta kantitate txikietan aurkezteko: zainzuriak txangurruz beteak, porru pastela eta pistoa, Idiazabal krema eta intxaurrekin.

Txangurruz betetako zainzuriak, Merka Oiartzungo Imanol Arteagaren errezeta da. Zainzuriak Gabonetako afari eta bazkarietan ohikoak diren arren, txangurru betegarriarekin ukitu ezberdin bat ematea lortuko dugu.


Porru pastela, ordea, Morgako Katxi jatetxeko Maria Jose Oleak prestatu zuen ?Txoriene?n. Bexamela pisutsua duen produktua den arren, porruak arindu egiten du platera. Kasu honetan, pastela prestatu eta gero, zati txikietan banatzea litzateke egokiena.


Azkenik, afariaren lehen zati honi bukaera emateko, bertako produktuen aldeko apustua egingo dugu; pistoa, Idiazabal krema eta intxaurrekin prestatuz. Errezeta hau, Trabakua Behekoa jatetxeko Mikel Barruetabeñarena da eta barazkiak eta gazta konbinatzeko modu ezin hobea da. Orokorrean, plater hau kopa edo ontzi batean aukezten da. Dotoreago gelditzeko, aurkeztu pistoa kopatxo txikietan.

 

Afariaren bigarren atalean, arraina eta haragiaren arteko aukeraketa egin ahal izateko, bi plater proposatuko dizkizuegu.

Arraina gustuko baduzue, Kobika jatetxeko Iñigo Kortabitartek egindako Zigala fideua txigortuaren gainean prestatzea gomendatzen dizuegu. Plater honek duen indar-gunea zigala da, beraz, itsaskia ondo aukeratzea da lanik zailena.


Haragia nahiago dutenentzat, ohiko haragi platerak baino arinagoa den zerbait proposatzen dizuegu; konfitatutako arkumea barazki tajimarekin, hain zuzen ere. Arkumea gure txoko eta sukaldeetako klasikoa den arren, tajimak ekialdeko ukitua emango dio platerari. Kontuan izan, platera egiteko espeziak erabili zituela Gaztelu Ostatuko Haritz Ertzibengoak. Currya eta kuminoa ezinbestekoak dira platerari azken ukitua emateko.

Afari eder hau bukatzeko, azkenburuko arin eta freskoa proposatzen dizuegu: mango eta laranja zukua banilla izozkiarekin. Errezeta honetan, etxean beti eskuragarri ditugun izozki apurrak aprobetxatu eta fruta exotikoekin nahastuko dugu, zapore aparta duen zukua lortuz.

Informazio gehiago (1)