GASTRONOMIA SAIOA
Zopak, oilaskoa eta pintxoak, asteon 'Txoriene'ko protagonistak
Paulo Garitano piraguista, Silvana Huegun dietista, Horacio Chacin gozogilea, LumaGorri elkarteko Maitane Lekuona eta Durangoko Saltsan katering enpresako Iñaki Uribe dira aste honetako gonbidatuak.
Ohikoa den legez, kirolari batek abiatu du astea 'Txoriene' saioan, ETB1en; asteon, Paulo Garitano piraguista donostiarra izango da sukaldari lanetan. Tomate eta gazta tortilla kazolatxoa labean erreta, arkume papillotea batata pastelarekin eta txokolatez betetako gaztain magdalenak prestatuko dizkigu kirolariak astelehen honetan.
Asteartean, aldiz, Silvana Huegun elikadura aditua gonbidatuko du Zigor Iturrietak bere sukaldera. Negua datorrenez, zoparen inguruan eta honek dituen onurez arituko da gure dietista. Gainera, hiru zopa mota ezberdin prestatuko dizkigu: dilista eta garagar zopa barazkiekin, berakatz zopa eta, azkenik, tipula zopa konbu algarekin.
Asteak aurrera egin ahala, Horacio Chacin Zarautzen duela 15 urte bizi den venezuelarra izango da platoan, asteazkenean. Zarautzen bertan dagoen Aizpuru Gozotegian egiten du lan Horaciok eta bertan egiten dituzten hiru gutizia egiten irakatsiko digu: urdaiazpiko eta gazta cachitoak, te pastak eta arroz tartasagar konpotarekin.
Ostegunean, Maitane Lekuona baserriko oilaskoen ekoizleak biltzen dituen Luma Gorri elkartearen kidea izango da 'Txoriene' saioan. Jakina denez, oilaskoa osagai nagusi duten bi plater prestatuko dizkigu: lumagorri oilasko izterrak eztiarekin eta lumagorri pularda betea.
Astea bukatzeko, ostiralean, Durangoko Saltsan katering enpresako Iñaki Uribe izango dugu eta bere enpresan egiten dituen hiru pintxo egingo dizkigu: kristal ogi eta tomate iberiko ogitartekoa, bakailao kokotxa faltsua plakton pil-pilarekin eta arrautza beteak.
Ez ezazu galdu 'Txoriene' sukaldaritza saioa, astelehenetik ostiralera, 15:00etatik aurrera, ETB1en.
TB1en.