Itxi

Gastronomia

Pou anaiak eta Joxan Goikoetxea izan dira aste honetan 'Txoriene'n

A.A.

EiTB

Hornitzaile eta profesionalei zuzendutako saioetan, Durangoko Sushi Gallery eta Aguraingo El Gordo jatetxeko kideak izango ditugu gonbidatu.

Zigor Iturrieta aurkezlea

Pou anaiak, Joxan Goikoetxea soinu-jotzailea, Durangoko Sushy Gallery-k eskaintzen dituen platerak eta Aguraingo El Gordo jatetxea izango dira aste honetan 'Txoriene' gastronomia saioko protagonistak. Arratsaldero, 15:00etan hasita, otordu sanoak eta goxoak prestatuko ditu Zigor Iturrieta sukaldariak.

Astelehenetan, kirolariak izan ohi dira gonbidatu ETB1eko saioan. Oraingoan, Pou anaiak, Eneko eta Iker, izan ditugu. Mendizale eta eskalatzaile ezagunak dira gasteiztarrak, eta zer proiektutan dabiltzan kontatu digute. Horrez gain, patata pastela, sardina papillotea eta sagar eta gaileta budina prestatzen lagundu diote Zigor Iturrietari.

Asteartean, nutrizioaren alorrean lan egiten duten adituen saioan, Jabier Agirre medikuaren txanda izan da. Kasu honetan, txokolate zuri zopa, lakoia greloekin eta saltxitxa pastela izan ditugu menuan.

Asteazkenean, Joxan Goikoetxea soinu-jotzaile ezaguna hartu du Zigor Iturrietak. Zurrukutuna, oilasko betea sagardo saltsan eta bi geruzako intxaur-saltsa prestatu dituzte saio honetan betiko sukaldaritzari ateak zabalduz eta garaian garaiko produktuak erabiliz.

Ostegunean, hornitzaileen eguna izan ohi dugu. Oraingoan, Durangoko Sushy Gallery etxeko Aitor Bilbao izan du ondoan 'Txoriene'ko sukaldariak. Kasu honetan, atun tartarra, gazta rolla eta oilasko gyozak prestatzen ikasi dugu.

Astea amaitzeko, pintxoak jatera joan gara Araba aldera. Aguraingo El Gordo jatetxeko Maitena Perez sartu da ETB1eko sukaldean. Euren jatetxean ohikoak diren uso erregosia eta txahal-mutur entsalada prestatu ditu Zigor Iturrietaren laguntzarekin. Eta, horrez gain, Txoriene pintxoa prestatzen ere erakutsi digute.

Astelehenetik ostiralera, 15:00etan hasita, plater goxo eta osasungarriak prestatzen irakasten du Zigor Iturrietak 'Txoriene'n, ETB1en eta eitb.eus-en.

Informazio gehiago (1)