Gonbidatuak
Serious Business eta Jon Arretxe gonbidatu, asteon, 'Txoriene'n
A.A.
EiTB
Kirolarien egunean, Bera Bera errugbi taldeko ordezkariak etorriko zaizkigu, eta Goxatu proiektua ezagutuko dugu ostiralean.
Jon Arretxe idazlea, Serious Bussiness musika-taldea, Bera Bera errugbi taldeko jendea, Goxatu proiektua... Aste honetan ere, gonbidatu interesgarri ugari izango ditu Zigor Iturrietak 'Txoriene' saioan. Euren proiektuei buruz hitz egiteaz gain, sukaldean nola moldatzen diren eta zer prestatzen dakiten erakutsiko digute guztiek.
Astelehenetan kirolariak izan ohi dira gonbidatu “Txoriene”n, euren elikadurari buruz hitz egiteko. Aste honetan, Bera Bera taldeko errugbi saileko ordezkariak etorriko zaizkigu: Xabier Goenaga, Ohorezko B mailako jokalaria, eta Iñigo Imaz, 12 urtetik beherakoen entrenatzailea.
Bera Bera kirol modalitate ugari dituen taldea da: saskibaloia, eskubaloia, karatea, zikloturismoa, surfa, kirol egokituak, boleibola, patinajea… Errugbian ere sona handia izan du Donostiako taldeak urte askotan, 1983tik ari baitira jokatzen. Asteleheneko saioan, errugbia eta kirolarien elikadura hizpide dituzten bitartean, plater hauek prestatuko dituzte: bakailaoa piperradarekin, azpizuna txingarretan erreta eta ezti garagardoz glaseatua, eta bonboi izoztuak.
Astearteak adituen egunak izan ohi dira. Oraingoan, Silvana Huegun dietista eta nutrizionista izango dugu berriz ere gure artean. Barazkiak eta frutak erabiliz, menu hau prestatuko digu: orburu bete entsalada, tomateak arto beltzez eta barazkiz beteta, eta marrubi zopa soja jogurtarekin.
Musika izango dugu ardatz asteazkeneko saioan, Serious Business taldeko bi kide gonbidatu baititugu: Aitor Badiola eta Ander Zulaika. 2015ean sortu zen musika talde hau, Zumaian. Laukoteak blues eta rock doinuak ditu oinarri, baina beste estilo batzuk ere jorratzen ditu; funk, rythm & blues eta jazza, esaterako. Asteazkeneko “Txoriene”n, sukaldean nola moldatzen diren erakutsiko dute. Barrengorriak gazta urdinez beteak eta haragi pastela prestatuko dituzte.
Ostegunean, Jon Arretxe idazle eta bidaiari bizkaitarra hartuko du Zigor Iturrietak sukaldean. Mota guztietako narrazioak eta nobelak idatzi ditu (Ostegunak, Ostirala, Tubabu, Sustrai beltzak…), eta Estolda jolasak da horren azken lana. Horrez gainera, opera kantatzen du; Bilboko eta Iruñeko opera koruetan aritu izan da, batzuetan bakarlari gisa. Sukalderako dituen gaitasunak erakutsiko ditu “Txoriene”n, eta basmati arroza barazki eta otarrainxkekin, orburuak txirlekin eta kremazko tostadak prestatuko dizkigu.
Ostiralean, Donostiako Atotxa plazan dagoen Goxatu espazioko Zuriñe Maguregi izango dugu gonbidatu. Familiak elkarrekin egoteko espazio goxo bat eskaintzea da proiektu honen helburua. Goxatu zer den kontatuko digu Zurinek, eta bertan eskaintzen dituzten hiru plater prestatuko ditu: zuku bat, sandwich bat eta krepe bat.
Astelehenetik ostiralera, 15:00etan, egoten da ikusgai "Txoriene", eitb.eus-en eta ETB1en.
ass='Default'>