Gastronomia ETB1en
Oraitz Garcia kazetaria eta Bartolo jatetxea, 'Txoriene' saioan
eitb.eus
EiTB
Iker Vicente aizkolariak abiatu zuen astea. Ondoren, Gorka Gereñoren sukaldaritza makrobiotikoa, Marokoko sukaldea, gastronomia kazetaritza eta Donostiako Bartolo ezagutuko ditugu.
Iker Vicente aizkolaria, Gorka Ereño aditua, Ghita Ourdi marokoarra, Oraitz Garcia kazetaria eta Bartolo jatetxeko Iñaki Zelaia izango dira aste honetan 'Txoriene' gastronomia saioko protagonistak. Arratsaldero, 15:00etan hasita, otordu sanoak eta gozoak prestatuko ditu Zigor Iturrietak.
Astelehenetan, kirolariak izan ohi dira gonbidatu ETB1eko saioan. Aste honetan, Iker Vicente Otsagabiko aizkolaria izan zen. Gazte-gaztea bada ere, Nafarroako txapelduna da dagoeneko. Bere ibilbidea eta etorkizunerako ametsak kontatu zizkigun, eta lapiko artean zer moduz moldatzen ere erakutsi zuen. Horrela bada, menu tentagarria prestatu zuen Zigor Iturrietarekin batera: artzain ogi-mamiak, orein xerra errea, sagar purearekin eta perretxikoekin; eta koko zopa, anana karamelizatuarekin eta banila izozkiarekin.
Asteartean, nutrizioaren alorrean lan egiten duten adituen saioan, Gorka Gereño sukaldari makrobiotikoaren txanda izan zen. Kasu honetan, honako plater hauek prestatu zituen: Arto beltzezko bolak ahuntz gaztarekin, ilar saltsan, eta bakailao eta kuiatxo milorria pil-pil saltsarekin.
Asteazkenean, berriz, Ghita Ourdi gaztea izan zuen sukaldean lagun Zigor Iturrietak. Marokoarra da sortzez, baina Eibarren bizi da zortzi urte zituenetik. Amari dendan laguntzeaz gainera, Idazkaritza Juridikoko masterra egiten ari da. Marokoko sukaldaritza eta bertakoa uztartuko dituen menua prestatu zuten 'Txoriene'n: oilasko tajinea, egun berezietako pintxoa eta San Blas opilak.
Ostegunean, Oraitz Garcia kazetari gastronomiko donostiarra etorri zaigu bisitan. Bospasei urte daramatza Oraitzek kazetari gastronomiko bezala; gastrofesta.com blogean irakur daitezke bere artikuluak. Sukaldaritzarekin lotutako hainbat kontu interesgarri ekarri ditu ETB1era, eta, bitartean, bi plater hauek prestatu ditu Zigorrekin batera: bakailao tortila dekonstrukzioa eta bakailao orriak txipiroi salteatuekin eta beren tintarekin.
Astea amaitzeko, tradizio handiko eta ibilbide luzeko Donostiako jatetxe bat izango dugu gonbidatu 'Txoriene'n. Alde Zaharreko Bartolo jatetxea 1896. urtean zabaldu zuten, eta, beraz, 120 urte bete ditu dagoeneko. Han lanean aritutako Iñaki Zelaia izango da ETB1eko saioan. Gaur egun, Cesar Taborda eta Johana Patiño kolonbiarren esku utzi du Iñakik taberna, baina hango plater eta kontuak izango dituzte hizpide, eta menu hau prestatuko dute: itsas zapo brotxeta, txuleta eta zeliakoentzako sagar-tarta berezia.
Astelehenetik ostiralera, 15:00etan hasita, plater goxo eta osasungarriak prestatzen irakasten du Zigor Iturrietak 'Txoriene'n, ETB1en eta eitb.eus-en.