Itxi

Estreinaldia

"Udak Dakarrena" saioa, gaurtik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en

EiTB

Leer en Castellano

Aurtengo uda desberdina izango da, aisialdia beste modu batera bizi beharko dugu. Esperientzia horien guztien kontakizuna egingo du Julian Iantzik zuzenean gidatuko duen solas-tarteak.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Euskal Herriko uda nolakoa izango den erakutsiko digun saioa estreinatuko du Euskal Telebistak gaur. Julian Iantzik gidatuko duen "Udak Dakarrena" solas-tartea zuzenean eskainiko da, astelehenetik ostegunera, 21:30 eta 22:30 bitartean, ETB1en eta eitb.eus-en. 

Aurtengo uda desberdina izango da, aisialdia beste modu batera bizi beharko dugu. Esperientzia horien guztien kontakizuna egitea izango du helburu Julian Iantzik, batzuetan gonbidatuak saioaren set-era ekarriz eta beste batzuetan erreportarien bitartez. 

Julianek bi sofa izango ditu lagun: batean, berriketan, dantzan, kantuan edo oroitzapenetan aritu nahi duten herritarrak eseriko dira; bestean, gonbidatu ospetsuak, programan gertatuko diren istorio guztien inguruan hitz egitera etorriko direnak. 

Solaskideek uda berezi hau nolakoa izaten ari den kontatuko diote Juliani. Elkarrizketa euren istorioa ezagutzeko baliatuko du aurkezleak, baita euren herriko gastronomia eta ohiturak jakiteko ere. 

Saio freskoa eta arina izango da "Udak Dakarrena". Jairik ez da egongo, baina festa Julianek sortuko du gauero bere gonbidatuekin. 

Horiez gain, bi erreportari egongo dira saioan: Egoitz Txurruka, gure Txurru, eta Irati Errandonea. Erreportariek, eguneko bideoak egiteaz gain, zuzenekoak ere egingo dituzte herri ezberdinetatik. Betiere, uda giroa eta gau giroa nolakoak diren erakutsiko digute, euskaldunek gaueko afalordu eta afaloste horretan non eta zer egiten duten jakiteko asmoz. 

Euskal Herriko kale, hondartza, terraza, jatetxe, landetxe, kanpin edota plazetan gertatzen ari dena erakutsiko digute zuzenean. 

Joseba Arguiñano eta Zarauzko zenbait herritar, lehen saioan 

Euskal Telebistan aurkezle lanetan diharduen Joseba Arguiñano sukaldaria hartuko du Julian Iantzik lehen saioan. Eta, berarekin batera, beste hainbat zarauztar: Arantxa Aldalur hezkuntza teknikaria, Miren Fernandez irakasle eta abeslaria, eta Maite Isasti artisaua. ETBn sarritan ikusi dugun Joxe Mendizabal soinu-jole eta musikaria ere eseriko da "Udak Dakarrena" saioko sofan. 

Txurru zuzenean arituko zaigu Zarauzko terrazetatik ostalariei jarritako neurri berrien inguruan tabernari eta bezeroen iritziak jasotzen. Halaber, Zarauzko hondartzan egindako erreportajea ekarriko du, egoera berrira nola moldatu diren erakusteko, eta inkesta bat ere bai, herrian izandako COVID-19 kasuen harira. 

Irati Errandoneak, euskaldun eta kanpotar asko bildu ohi dituen Sopelako kanpinean grabatutako bideoa aurkezteaz gain, zuzeneko kontakizuna egingo digu hondartza gainean dauden terrazetatik, eguzkia sartzen ikustera joaten den jendearekin hitz egiteko.

"Udak Dakarrena" saioa astelehenetik ostegunera eskainiko da, zuzenean, ETB1en eta eitb.eus-en, 21:30etik aurrera.

 

 

 

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)