21:30ean
Ylenia Baglietto aktorea, gaur gauean, "Udak Dakarrena" saioan
EiTB
Gonbidatu gehiago ere jasoko ditu saioak; Inaxio Perurena, Xabin Fernandez, Maitane Segurola eta Intza Unanue, besteak beste.
Julian Iantzik aurkezten duen "Udak dakarrena" saioak Donostiatik esango dio agur asteari gaur, abuztuak 27.
Besteak beste, Ylenia Baglietto aktorearekin berba egiteko aukera izango dute ETB1eko saioan. "Etxekoak udan" telesailean ikus dezakegu Ylenia, eta, gainera, telebistan zein zineman ibilbide luzeko aktorea da. Berarekin batera, Inaxio Perurena harri-jasotzailea ere izango dute solaskide. Kirolari batentzat uda berezi hau nolakoa izaten ari den kontatuko digu.
Bestalde, Xabin Fernandez irrati-esataria ere eseriko da Julian Iantziren ondoan. Gazteako "Dida fresh" saioko aurkezleak uda giroa ekarriko du gurera. Maitane Segurola komunikatzailea eta Intza Unanue abeslaria ere gurekin izango dira. Gainera, Intza zuzenean kantuan entzuteko aukera izango dugu.
Egunero bezala, Egoitz Txurruka eta Irati Errandonea berriemaileak gora eta behera ibiliko dira udako plan eta protagonisten bila.
Hori guztia eta gehiago, Julian Iantziren eskutik, "Udak Dakarrena" saioan, astelehenetik ostegunera, 21:30etik aurrera, zuzenean, ETB1en eta eitb.eus-en.