21:30ean
"Udak Dakarrena" saioaren denboraldi berria, astelehenetik ostegunera, ETB1en eta eitb.eus-en
EITB MEDIA
Aurtengo uda ere modu ezberdinean biziko dugun arren, herri eta hirietako jairik gabe, alegia, saioak gure etxeetaraino ekarriko digu behar dugun freskotasuna eta jai-giroa, beti ere, konpainia onenarekin.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Bigarren urtez, bueltan da "Udak Dakarrena" saioa, Julian Iantzik aurkeztuta, uztailaren 12an ekin baitio denboraldi berriari.
Uda giroan, kostaldetik ekarriko digu Iantzik itsasoko kresal usaina gure etxeetaraino. Zuzen-zuzenean, Euskal Herriko txoko ezberdinetatik, istorio eta postalik ederrenak bilduko ditu magazinak.
Hala, bere sofara gonbidatuko ditu Iantzik aurpegirik ezagunenak eta kolaboratzaileak, baina baita herri txikietako protagonista handiak ere. Aktoreak, kirolariak, sukaldariak, abeslariak, abentura zaleak... denetariko bisitak izango dituzte programa ibiltarian. Horrez gain, erreportari lanetan arituko dira Julen Hernandez eta Leire Martinez kazetariak, eta egunero bideo eta zuzenekoak egingo dituzte aurtengo uda gurean nolakoa izango den erakusteko.
Zuzeneko konexioak ere egingo dira, munduan zehar dauden euskaldunekin bat egiteko, edota Euskal Herrian uda modu berezian pasatzen ari diren horiek bertatik bertara ezagutzeko.
Erritmo biziz, zuzenekoaren indar eta emozioarekin, bueltan izango da "Udak Dakarrena" saioa, astelehenetik ostegunera, 21:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.