Itxi

21:30ean

Haimar Zubeldia txirrindulari ohia eta Jaione Mariezkurrena nutrizionista, gaur, "Udak Dakarrena" saioan

EITB Media

Leer en Castellano

Ander Azurmendi aktorearen, Julen Larrañaga surflariaren eta Sara Aranguren gimnasta txapeldunaren bisita ere jasoko du Julian Iantzik. Beñat Iraola diseinatzailea saioan izango da, eta Ane Martija abeslariak jarriko dio musika gauari.

Haimar Zubeldia. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia

Gaurko "Udak Dakarrena" saioan kirol munduko hainbat gonbidatu izango dituzte, tartean Julen Larrañaga surflaria, Sara Aranguren gimnasta txapelduna eta Haimar Zubeldia txirrindulari ohia. Zehazki, aste honetan bertan bukatzera doan Frantziako Tourraz eta uda honetako asmoez hitz egingo du Haimarrek Julian Iantzirekin.

Bestalde, Ander Azurmendi aktore gaztea ere elkarrizketatuko dute. Ibilbide oparoa egin du donostiarrak eta egin dituen hainbat bidaiaren berri ere emango du saioan.

Oso ezagun egin dira Beñat Iraola diseinatzailearen ZTZKT kamisetak, eta bere ibilbideaz hitz egiteko aukera ere izango du Julian Iantzirekin gaur gauean.

ETB1eko "Txoriene" sukaldaritza saioko Jaione Mariezkurrena nutrizionista ere izango dute programan, eta ez da saiora esku hutsik joango gainera: uda honetarako plater goxoren bat eramango dio Juliani, eta "Txoriene" saioan izango dituzten berrikuntza batzuk ere aurreratuko dizkio.

Ane Martija abeslari etxeberritarrak jarriko dio musika gaurko saioari.

Astelehenetik ostegunera gurean dugu gauero Julian Iantziren "Udak Dakarrena" saioa, zuzenean, 21:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.

Informazio gehiago (1)