Itxi

Estreinaldia

10. denboraldiari ekingo dio "Ur Handitan" saioak zaintza ez-profesionalari buruzko atal bereziarekin

Programaren hamargarren urteurrena ospatzeko, zuzeneko emanaldia egingo du Xabier Madariagak asteartean EITBren Miramongo platotik. Zaintzaileen testigantzak biltzeaz gain, haietako baten azalean jarriko da, bizi duten errealitatea ezagutzeko.

Xabier Madariaga eta Josu Azaola Beitia. Argazkia. EITB

"Ur Handitan" beti ari da itsaso sakonetan murgiltzen, gizartea kezkatzen duten arazoei so, deserosoak diren gaiak lantzen eta askotariko errealitateak aurreiritzirik gabe azaleratzen. Eta itsaso sakon honetan igeri heldu da hamargarren denboraldira. Xabier Madariaga kazetariak aurkeztuta, "Ur Handitan" publiko euskaldunaren erreferentziazko programetako bat bihurtu da eta atal berezi batekin helduko dio urte berriari, zaintza ez-profesionala ardatz hartuta.

Saioaren hamarkada ospatzeko, emanaldi berezia egingo dute EITBren Miramongo egoitzatik asteartean (urtarrilak 13). Elkarrizketak, platoko zuzeneko konexioak eta lehen pertsonan bizitako errealitateak nahastutako dira. Izan ere, zaintzaile ez-profesionalen testigantzak entzuteaz gain, haietako baten azalean jarriko da Xabier. Hartara, pertsona horri atseden txiki bat emango dio, deskonektatu ahal izateko eta, era berean, zaintzaren egoera horrek sortutako sentimenduei hitzak jartzeko.  

Parkinsona duen Josu Azaola Beitiarekin egongo da Madariaga: 66 urte ditu orain, eta horietatik 26 gaitzak jota eman ditu. Gaixotasuna neurodegeneratibo honek gorputzaren sistema motor osoari eragiten dio: orekari, ikusmenari, entzumenari eta hitz egiteko gaitasunari. Eguneroko gauza guztietarako, Nerea Goienetxea Elordui du alboan, bere emaztea, eta orain bere zaintzailea ere bai. Beraiekin batera, Olaia Azaola Goienetxea eta Ainhoa Azaola Goienetxea daude, haien alabak.  

Askotarikoak dira zaintza motak, zainduaren beharrak eta zaintzailearen egoera kontuan hartuta. Gaiari beste ikuspegi batetik heltzeko, Amaia Garagorri Arregi eta Beñat Larrinaga Agirre ezagutuko dituzte. Duela urte eta erdi, Beñati ELA diagnostikatu zioten. Momentu hartan jakin zuen autonomia galtzen hasiko zela urte eta erdia pasatuta. Berarekin eta bere emaztearekin diagnostikoaren lehen momentuei buruz arituko dira, baita ekidin ezin den etorkizunari buruz ere. 

Bestalde, platoko zuzeneko konexioetan, beste hainbat zaintzaile ez-profesionalen testigantzak entzuteko aukera ere izango da.  

"Ur Handitan" saioa astearte gauero izango da ikusgai, 22:15ean, ETB1en eta eitb.eus-en.

 

Bideoak (1)