Erreportajea
'Urrutiko minak', gaur gauean, 'Ur Handitan' saioan
A.E.| EiTB
Herrimina izango dute ardatz, eta, arrazoi bat edo beste dela eta, Euskal Herria utzi behar izan zuten batzuen testigantzak bilduko dituzte.
Your browser doesn’t support HTML5 video
'Ur Handitan' saioan, gaur gauean, herrimina izango dute ardatz, eta, arrazoi bat edo beste dela eta, Euskal Herria utzi behar izan zuten batzuen testigantzak bilduko dituzte.
Joan den mendean, asko izan ziren Ameriketara lan bila joan zirenak. Sunbillatik, esaterako, 331 gizonek egin zuten alde. Horietako batzuk bertan gelditu ziren, baina izan ziren herriminak jota itzultzea erabaki zutenak ere. Fermin Zelaieta da horietako bat. Sunbillako garai hartako bizimoduaz, Ameriketako abenturaz eta bertan zegoela Euskal Herriarekin zuen harremanaz arituko da Xabier Madariaga aurkezlearekin. Horren emaztearen eta Ameriketara artzain joan ziren beste lagun batzuen testigantza ere bilduko dute.
Iñaki Osa Goikoetxea puntistak ere Ameriketarako bidea hartu zuen, itsasoa zeharkatuta. 1997an iritsi zen Newportera. Bertan bi denboraldi egin ostean, Orlandora joan zen eta Miamin egin ditu azken urteak. Guztira 14 aldiz izan da munduko txapeldun, eta, adituen arabera, munduko zesta-puntako pilotaririk onena da. Soldata jaitsiera handia eta bestelako arrazoiak direla medio, Zumaiara itzultzeko erabakia hartu zuen duela bi urte.
Venezuelan 10 urte igaro zituen Patxi Albizu misiolariak. Erlijio kontuengatik joan zen bertara, baina, besteak beste, nekazarientzako etxebizitzak egiten amaitu zuen. Oso urte aberasgarriak izan ziren berarentzat, baina egunero sentitu zuen herrimina.
Amaia Albizu merkantzia-ontzietako kapitaina izan da hainbat urtez. Normalean, 4 hilabete jarraian egiten zituen itsaso zabalean, eta, besteak beste, Japoniako eta Saudi Arabiako portuetan lehorreratzen zen ondoren. Lanbide gogorra izanik, familia, lagun eta etxearen falta sentitzen zuen, eta, azkenik, bikotekideak eskatuta, lanbidea uztea erabaki zuen. Egun, irakasle lanetan dabil Pasaiako Arrantza Eskolan. Amaiarekin ez ezik, bere ikasleekin ere izango dira.
Garazi Etxaburu ondarroarra dantzaria da. Odolean darama ogibidea, eta bere ametsa betetzen ari bada ere, zaila egiten zaio etxea utzi eta atzerrira joatea. Dantzaz konpainian hiru urtez aritu ondoren, Poloniako Gdansk hiriko konpainia batean igaro zuen joan den urtea. Orain etxean dago, baina badaki atzerrira joan beharko duela lanera.
Iker Galartza aktoreak hiru urte daramatza Sevillan lanean. 'Allí Abajo' telesailean oso gustura ari da, baina gero eta herrimin handiagoa sentitzen du. Familia, lagunak eta Tolosa bisitatzeko aukera txikiena duenean, ez du alferrik galtzen.
Estibaliz Capetillo ikertzaileak Alzheimerra ikertzen egiten du lan Achucarro Zentroan. Ingalaterran, Alemanian eta Ameriketako Estatu Batuetan dozena bat urte eman zituen lanean, baina 38 urterekin etxera itzultzea erabaki zuen. "Oso gustura bizi nintzen New Yorken, baina herrimina sentitzen hasi nintzen". Ikerbasquek emandako beka bati esker, bost urterako lana du Euskal Herrian, "berriro ere etxean".
Azkenik, Niklas Schöne aleman euskaldunak bere jaioterria botatzen du faltan. Alemania utzi eta Leioako ostalaritza eskolara etorri da ikasketak egitera. Ama Foruan bizi bada ere, bere asmoa ikasketak amaitu eta etxera itzultzea da, herriminagatik eta lan baldintzak hobeak direlako han.
Bizipen hauek guztiak gaur gauean, 22:20tik aurrera, eitb.eus-en eta ETB1en.