Erreportajea
Denetariko abenturatan murgilduta bizi diren lagunekin, gaur, 'Ur Handitan'
A.E. | EiTB
Xabier Madariagak mendizale, bidaiari eta bestelako abenturazaleekin hitz egingo du astearte gauean.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gaur gauean, 'Ur Handitan' saioan, Ortzimugarantz izenburuko programan, denetariko abenturatan murgilduta bizi diren protagonistak izango ditu solaskide Xabier Madariagak.
Xabier Erro mendizalea izango da protagonista. Ibilbide luzeko lesakarrak etxe inguruko mendietatik munduko gailurrik altuenetarainoko abenturak azalduko dizkio Xabier Madariagari. Horretarako, Nafarroako Gaintza herrira joango dira. Felipe Uriarterekin elkartuko dira bertan, euskal mendizaletasunaren beste zutabeetako batekin. Hego Amerikako mendietan ezagutu zuten elkar, eta ordutik ez dira tontorrak elkarrekin igotzeaz nekatu. 1980an Everesteko gailurra lortu zuen Euskal espedizioaren parte izan ziren.
Mendi inguruetatik gehiegi urrundu gabe, Eñaut Izagirre glaziologo elgoibartarra ezagutuko dugu. Txikitan familiarengandik jaso zuen mendiarekiko afizioa, eta Pirinioetan izan zuen lehen kontaktua glaziarrekin. Geografia ikasi ondoren, Txilen pasatu ditu azken lau urteak, espedizio eta irteerak egiten. Horien artean, Incognita Patagonia espedizioan, aurretik inork esploratu ez dituen lur eremuetan bizitakoen nondik norakoak azalduko dizkigu.
Bestalde, inor iritsi ez den gune eta ur jarioetara iristeak sekulako zirrara sortzen dio Mikel Sarasola ur bizietako piraguistari. Abentura horri ekin zion txapelketetako errutinak aspertu zuenean. Patagonian, Nepalen, Groenlandian... toki guztietan topatzen du horien xarma. Orain, ordea, etxetik gertu du erronka handia, beti amestu duen hostela irekiko baitu Donostian.
Filosofia berekoa da Esther Fernandez yogalaria. Errutinatik at bizitzea da beretzat abentura. Garrantzitsuena norberak bere buruari entzun eta behar duen horren bila jotzea dela dio. Hori dela eta, Arrasate bere jaioterria utzi eta Zarautzera egin zuen salto, kooperatiba mundutik meditazioaren mundura. Nazioartean batera eta bestera aritu da meditazio formazioa jaso eta ingurukoei transmititzeko asmoz.
Urko eta Zigor Gonzalez anaiek 17 urteko abentura luzea bizi izan zuten. Aitak eraikitako Jo ta Ke belaontzian itsasoratu eta munduari bira eman zioten gurasoekin batera. Nabigatzetik harago, herri, leku eta pertsona izugarriak ezagutu zituzten. Halere, abentura guztiak bezala, dena ez zen polita eta erraza izan. Piraten erasoak, Pazifikoko ekaitzak eta animalia basatiak jasan behar izan zituzten.
Ashok Iturriza, ordea, hezitzailea da. 19 urte zituela ostalaritza ikasketak egin, lana lortu, eta, horrekin batera, soldata txukuna eskuratzen zuen hilabetero. Erosotasun hori alde batera utzi zuen, eta gobernuz kanpoko erakundeen munduan barneratu zen. Besteak beste, Malin eta Etiopian egon ostean, Errumaniara joan zen, bertakoekin batera bizitzeko, eta, besteak beste, haurrei eskolak emanez. Bidaia horiek guztiek piztu dizkioten hausnarketetan barneratuko da Xabier Madariaga Ashokekin batera.
Gema Arrugarretak ere asko bidaiatu du bakarrik. 11-12 urte zituela hartu zuen lehen aldiz argazki-kamera, eta ordutik ez dio argazkiak ateratzeari utzi. Nazioarteko lurraldeetan ez ezik, etxe inguruko txokoetan ere aritu da lanean. Hain zuzen, Aralar du Euskal Herriko txoko kutuna. Pixkanaka-pixkanaka ametsak betetzen joan da, baina emakume izateak asko baldintzatu du bere ibilbidea, bai nazioartean bai Euskal Herrian, horren esanetan.
'Ur Handitan', asteartero izaten da ikusgai 22:15ean eitb.eus-en eta ETB1en, eta atal guztiak EiTB Nahieran atarian daude eskuragarri.