ETB1, 22:15
'Herria bizirik', gaur gauean, 'Ur Handitan' saioan
A.A. | EiTB
Herri mugimendu edo ekimen ugari izango ditu hizpide Xabier Madariagak aste honetan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Herria bizirik izenburupean, Euskal Herrian barrena antolatzen diren herri mugimendu edo ekimenak izango dituzte ardatz 'Ur Handitan' saioan aste honetan.
Iñaki Barcena izango da atal honetako protagonista. EHUko irakaslea da, eta Euskal Herriko mugimendu ekologistaren parte izan da horren hastapenetik. 59 urteko sestaoarra gaztetxo zelarik hasi zen lehen mobilizazioetan parte hartzen. Bete-betean harrapatu zuen Lemoizko zentral nuklearraren aurkako mugimenduak, eta guztiz murgildu zen bertan. Garai hartatik gaur egunera arte izandako ibilbidea errepasatuko du Xabier Madariagak hainbat ekimenetan parte hartu duten herritarrekin.
Lanera iritsitako gutun batengatik hasi zen Itziar Igartua Lilatoia antolatzen. Garai hartan, ez zen ohikoa emakumezkoak korrikan aritzea, eta denetarik entzun behar izan zituzten. Egun, ordea, ia 6.000 parte-hartzaile ditu Lilatoiak. Korrikalari horien artean, Arantxa, Eba eta Garoa, familia bereko hiru belaunaldi ditugu.
Nafarroa hegoaldean sortu zen Errigora, Erriberako produktuak auzolanaren bidez Euskal Herri osora zabaltzen dituen mugimendua. Proiektua, ordea, bi lekeitiarrek abiatu zuten, eta horietako bat da Peru Aranburu. Saioko kideak Arroitz herrira joango dira harekin batera, Errigoran parte hartzen duten boluntario eta ekoizle batzuk ezagutzera.
Euskal Herria Zuzenean (EHZ) Lekornen ospatzen dute urtero. Musika jaialdi honek 700 boluntariotik gora ditu, eta aurten 22. edizioa ospatuko dute. Jean Francois Lefort sortzailearekin eta Ieltxu Ostolaza EHZko kidearekin elkartuko dira Baionako gaztetxean, festibalaren sorreraz eta horren bilakaeraz solasean aritzeko.
Ez ziren urte errazak Maxus Arratibel beasaindarra andereño lanetan hasi zenean. Frankismo garaiko azken hamarkada zen, eta ikastolak klandestinitatean zeuden oraindik. Josu Erguinek ere harreman zuzena izan zuen ikastolen bilakaerarekin, berak sortu baitzuen Kilometroak jaia. Xabier Madariaga Beasaingo Alkartasuna Lizeora joango da, elkar ondo ezagutzen duten bi lagun horien istorioa ezagutzera.
Historia luzea eta pasadizoz betea dugu Bilboko Konpartsena. 1978an ekin zioten lehenengoz Aste Nagusia antolatzeari, eta, ordutik, ehunka konpartsero izan dira; tartean, Iñaki Larrañaga, Marta Perez eta Mikel Diez.
Hori guztia, gaur, 'Ur Handitan' saioan, 22:15ean, ETB1en eta eitb.eus-en.