Itxi

Erreportajeak

Asfalto egunak, gaur gaueko 'Ur Handitan' saioan

EITB

Leer en Castellano

Xabier Madariagak aurkezten duen saioak errepidea lantoki duten pertsonak hartuko ditu protagonista, errepideko bizitza eta elkarbizitza azaltzeko.

Your browser doesn’t support HTML5 video

'Ur Handitan' saioaren gaurko atala ez da errepidetik aterako, baina oraingo honetan errepidea lantoki duten pertsonak izango dira protagonista: kamioi, autobus eta taxi gidariak, txirrindulariak eta errepidea konpontzen duten langileak. Errepideko bizitza eta elkarbizitza nolakoa den azalduko dute.

Edurne Zapirain autobus gidaria izango da protagonista nagusia. 49 urteko emakume honek 13 urte daramatza Europan barrena turistak batera eta bestera eramaten. Horrelako bidaia bakoitzean, bi hilabete ematen ditu etxetik kanpo, eta bera da lan hori egiten duen emakume bakarra: "200 bat gidari ibiltzen gara Europan barrena bidaia hauek egiten, eta ez dut inoiz beste emakume gidaririk ikusi. Gizonen mundu bat da, eta batzuetan komentario matxistak entzun behar izan ditut". Asteasuko baserri batean bizi da Edurne, eta atzerrira joaten den bakoitzean etxekoen falta sumatzen du: "10 orduz gidatzen pasatu eta gero, hotel bateko gelan zeure burua bakarrik ikustea oso gogorra da, eta ez naiz horretara ohitzen".

Nazioarteko autobus gidari baten lana gogorra baldin bada, kamioi gidari batena ez da gutxiago. Imanol Arruti zumaiarrak 38 urte ditu, eta 17 daramatza errepidean kilometroak egiten: "Frantzia aldera joaten naiz nire bidaietan, eta ordu asko pasatzen ditut bakarrik. Gustuko dudan lana da, baina nire familiakoek ez hainbeste. Nire amak gaizki pasatzen du, eta egunero deitzen dit non eta nola nagoen jakiteko".

Errepidean orduak eta kilometroak egiten dituzten beste batzuk taxi gidariak dira. Peio Larraia 48 urteko oiartzuarrak orain bi urte ezagutu zuen ofizioa, ordura arte fabrikan lanean aritu ostean: "Lantokitik bota gintuzten, eta taxi gidari lanetan hastea pentsatu nuen. Gidatzea betidanik izan dut gustuko, baina ez nuen uste hain gogorra izango zenik. 14-15 ordu pasatzen ditut egunero lanean, eta ezezagunekin ibiltzen naiz errepidean".

Errepidean kilometro asko egiteko ez da motorrik behar, eta Haimar Zubeldia txirrindulari usurbildarra da horren adibide garbiena. 20 urte daramatza profesionaletan, eta urtero milaka kilometro egiten ditu. Errepidea da bere lantokia: "Ez dut neure burua bulego batean ikusten. Errepidean aske ibiltzera ohituta nago. Batzuetan leku arriskutsua da, baina ez nuke beste ezergatik aldatuko".

Aurreko protagonista guztiek euren lana egin dezaten, behar-beharrezkoa da errepideko langileen lana. Jesus Mari Bikandi 52 urteko iurretarrak orduak eta orduak pasatzen ditu asfalto gainean: "Ordutegirik gabe egiten dugu lan, eguraldiaren menpe. Oso lan gogorra da, baina ez da batere monotonoa. Errepidea mugimenduan dago etengabe".

Errepidean egunero lan egiten duten protagonista horien guztien testigantza jasoko du 'Ur Handitan' saioak gaur, 22:15ean, eitb.eus-en eta ETB1en.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (2)