22:30ean
Alkoholismoaz arituko dira 'Ur Handitan' saioan gaur gauean
EiTB
Programako protagonistek alkoholarekin izandako arazo larriei buruz hitz egingo dute.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Alkoholismoa izango dute hizpide gaur gauean 'Ur Handitan' saioan. Alkohola gizartean oso presente dagoen droga legala da; ospakizun eta jai guztietan aurki daiteke. Hala diote saioko protagonista gehienek ere. Horietako zenbaitek alkoholarekin arazo larriak izan dituzte.
Jon Isasa 48 urteko irundarra da. Duela hilabete gutxi alkoholismotik irteteko prozesua amaitu berri du. Umetatik hasi zen alkohola edaten, "frigorifikora joan eta ez zegoen urik, sagardoa baizik". Urteek aurrera egin ahala, edariarekin zituen arazoak ugaritu ziren, eta lana eta bikotekidea galtzeraino iritsi zen.
Bakartxo Isasak, Jonen arrebak, neba putzu sakonean nola hondoratzen zen ikusi zuen eta errehabilitazio prozesuan lagundu dio. Etengabe inpotentzia sentitzen zuela dio Bakartxok, behin eta berriro errepikatzen zen egoera baten ondorio. Neba kalean mozkortuta topatu, eta etxera laguntzen zion. Ondoren, egunak ematen zituen irten gabe, depresioak jota. Aldatu egingo zela zirudienean, berriro hasten zen edaten.
Jonekin batera, AGIPAD elkarteak Artikutzako basoan duen baserrira joango dira, bertan egin baitu Jonek errehabilitazioa. Inguru paregabe horretan, Nagore Oroz psikologoarekin ere egongo dira.
Alkoholismoa zer den ondo dakiten familia bereko hiru belaunaldirekin bilduko dira Elgoibarren. Angel izeneko aitona Alkoholiko Anonimoen elkarteko beteranoetako bat da. Irune alabak ondo gogoratzen du 12 urte zituela aita lixiba edaten ikusi, eta psikiatrikora eraman zutenekoa.
Etxean zegoen egoeratik ihesi, mundu are okerragoa ezagutu zuen Irunek, heroina alegia. Adikzioa gainditu, eta Ainhoa izan zuen, gaur egun 20 urte dituen alaba. Senarrarekin arazoak hasi ziren, ordea, eta umea izan eta hilabete gutxira, bere esanetan konturatu gabe, mozkor zegoen ia egunero.
Urteak dira Angelek eta Irunek ez dutela alkohol tantarik probatu. Bizitakoaren ondorio, Ainhoak egun Gizarte Hezkuntza ikasten du.
Alkoholismoari buruzko saioa 22:30ean izango da ikusgai, gaur, ETB1en eta eitb.eus-en.