Itxi

22:30ean

Ekialde Hurbilean egingo du gaur 'Ur Handitan Atzerrian' saioak estreinaldia

EITB

Leer en Castellano

Begirada atzerrian jarriko du 'Ur Handitan' programaren denboraldi berriak, oraingoan ere Xabier Madariagak gidatuta. Palestinaren eta Israelen arteko gatazkari helduko diote astearte honetan.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Uda sasoiaren ostean, bueltan da berriro ETB1eko 'Ur Handitan' saioa, oraingoan begirada atzerrian jarrita. Izan ere, Euskal Herritik kanpo egindako zortzi programarekin abiatuko dute ikasturtea, 'Ur Handitan Atzerrian' izeneko saioaren eskutik. Besteak beste, Venezuelan, Kenyan, Jerusalemen eta Floridan ibiliko da lantaldea, eta, euskaldunak bidelagun, gai eta egoera ezberdinak aztertuko dituzte: homofobia Afrikan, armak AEBn... Oraingoan ere, Xabier Madariagak gidatuko du saioa, eta gaur gauean izango da ikusgai lehen atala, 22:30ean, ETB1en.

Lehen saioa, Ekialde Hurbilean

Denboraldi berriaren lehen programak Ekialde Hurbila izango du hizpide. Osloko akordioak egin zirenetik 25 urte betetzear direnean, bakea eta bizikidetza urrun daude. Palestina eta Israel, Israel eta Palestina. Bi herrialde, lurralde bakar baten gainean. Palestinarren zein juduen aberria, Homeland, posible al da? Ala batzuk irabazleak dira eta besteak galtzaileak? Betiko galderentzako erantzun berrien bila abiatuko dira bertara Xabier Madariaga eta lantalde osoa, eta hainbat lagunen testigantzak bilduko dituzte.

Mikel Ayestaran EiTBko berriemailearekin hitz egingo dute, eta Ayestaranek argi dauka: gatazka honen inguruko guztia idatzita dago, baina ezinbestekoa da Jerusalemera etortzea okupazioa zer den jakiteko. Armada omen da okupazioa bermatu eta babesteko elementu nagusia, eta Yehuda Shaulekin mintzatuko da Xabier Madariaga horretaz. Israelgo Segurtasun indarrak utzi zituen Shaulek, eta Israelgo Armadaren gehiegikeriak eta kolonoen indarkeria salatzen ditu ordutik, Breaking the Silence elkartearen bitartez.

Yael Macias ere elkarrizketatuko dute atzerriko lehen saio honetan. Madrilgo familia judu batean jaio zen, baina Tel Aviven bizi da estatu hebrearrak mundu osoko juduei Israelera itzultzeko ematen dizkien aukerez baliatuta. Bestalde, Jerusalemen jaio arren, bere herrialdean aberrigabea den Sammer Hammalen kasua ere ezagutuko du Xabier Madariagak.

Testigantza gehiago bildu nahian, Gazan Israelgo frankotiratzaile batek hildako Razan Al Najar erizainaren amarekin elkartuko da lantaldea.

Azkenik, Ekialde Hurbilean bizi diren euskaldunak ere aurkituko dituzte. Mikel Irastorza irundarra Hebrew Unibertsitatean doktoretza egiten ari da, eta Amaia Elorza beasaindarra Belengo Aida errefuxiatu gunean bizi da.

Dagoeneko 70 urte bete dituen gatazkari begiratuko dio 'Ur Handitan Atzerrian' programaren lehen emanaldiak, Palestina eta Israel: Homeland izenekoak, gaur gauean, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.

Bideoak (2)

Informazio gehiago (1)