Itxi

22:30ean

Memoria historikoa izango du ardatz gaur gaueko 'Ur Handitan' saioak

EiTB

Leer en Castellano

Xabier Madariagak Espainiako gerra zibilak utzitako gerra krimenak ekarriko ditu gogora astearteko saioan. Horretarako, garai hartako hainbat testigantza lortu ditu.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Espainiako gerra zibileko gerra krimenen kontakizuna ez da berriki arte egin, hainbat hamarkadatan krimenak sufritu zituzten frankismoaren errepresaliatuak isilik eta baztertuta egon baitira. 80 urte geroago, ordea, haien testigantzak jasotzea beharrezkoa da, berandu izan baino lehen. Gertakizun haien bilketak elikatzen du memoria historikoa, eta testigantzen bilketa horretan bere alea jarriko du aste honetan 'Ur Handitan' saioak.

Gurutze Telleria eta Mari Jose Azkarate izango dira lehen protagonistak. Umetatik ezagutu zuten izeba Anttoni eskuineko eskuan bi hatz gutxiagorekin. Istripu batean galdu zituela kontatu zien izebak. Hil baino bi urte lehenago, ordea, egia esan zien. 1937an, soldadu frankistak Telleria baserrira joan zirela esan zien. Gurasoek aurre egin zietela, eta borroka hartan hil zituztela. Anttonik berak beste tiro bat jaso zuen, eta bortxatu egin zuten ondoren. Lotsagatik eta beldurragatik, sufrikario hori bizitza osoan zehar barruan eraman zuen Anttonik, hil baino bi urte lehenago azaleratu zuen arte.

82 urte luzeren ondoren, 2018ko irailaren 2an atera zituzten lurpetik Marcelo Lasaren hezurrak. 17 urterekin hil zuten, zenbait herritarrek ezinikusi handia zioten abertzalea izateagatik. Joxe Angel Munduate izango dugu saioko beste gonbidatuetako bat, Marceloren iloba. Izan ere, liburu batean irakurri zuen hilketaren aipamena, eta ikerketa luzea egin ondoren, hilketaren lekuko bat aurkitu zuen: Patxi Lakuntza. Gertatutakoa xehetasun osoz kontatzeaz gainera, lurperatu zuten leku zehatza adierazi zion hark.

Pepi Berasategi Etxeberria donostiarra da, antiguotarra. Aita, Hipolito Berasategi, Guardia Zibilak atxilotu zuen 1936ko urrian. Ondarretako espetxean egon zen preso. Pepiren ama, Joxepa Etxeberria, egunero pasatzen zen kartzelatik, jana edo arropa eramatera. Egun batean, ordea, senarra ez zegoela bertan esan zioten guardia zibilek, "askatu egin zutela". Hipolito, baina, ez zen gehiago etxean agertu. 83 urte daramatza Pepik aitaren bila.

Josefina Lamberto izango dugu azken gonbidatua. Josefina hiru ahizpetan gazteena zen, eta Nafarroako Larraga herrian hil zen 1929an. 1936ko abuztuaren 15ean bi guardia zibilek aita eta ahizpa Maravillas eraman zituzten etxetik. Maravillas bortxatu egin zuten, eta, ondoren, biak hil zituzten. Josefinak zama horrekin bizi behar izan du bizitza guztian.

Memoria historikoarekin lotutako testigantza horiek guztiak gaur gaueko 'Ur Handitan' saioan ikusi ahalko dira, 22:30etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (2)