Itxi

22:30ean

Hitz-moteltasunaz, gaur gauean, 'Ur Handitan' saioan

EiTB

Leer en Castellano

'Ausartak behin eta berriro' izenburupeko atalean, hitz egiteko arazo honen atzean zer dagoen kontatuko diote hainbat lagunek Xabier Madariagari.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Hitz-motelei buruzkoa izango da 'Ur Handitan' saioaren gaurko atala. Ausartak behin eta berriro izenburupeko atalean, hitz egiteko arazo honen atzean zer dagoen kontatuko diote hainbat lagunek Xabier Madariagari.

Euskal Herrian 50.000 hitz-motel daude, lautik hiru gizonezkoak. Sarri askotan burla eta iseken jomuga dira, eta hainbat txisteren protagonista. Hitz egiteko arazo horren atzean, ordea, sufrimendu handia dago. Totelek isiltasunean pairatzen dute sufrimendua. Askok eskola-jazarpen kasuak salatzen dituzte haurtzaroan, eta heldutasunera heldu eta gero ere, egoera ez da hobetzen. Arazoak dituzte lagunak, bikotekidea edota lana aurkitzeko. Hitz-motelen langabezia edo depresio tasak, esate baterako, oso altuak dira.

Ibai Maritxalar 39 urteko errenteriarrak arazo horiek guztiak gainditu ditu banan-banan. Gaztetan telefonoa hartzera ere ez zen ausartzen, eta klasean ez zuen inoiz ahots altuan testurik irakurtzen. "Gogoan dut etxe azpiko parkera lehen aldiz jaitsi nintzenean Jon izenarekin aurkeztu nuela neure burua. Ez nintzen ausartu nire benetako izena esatera; luzeegia zen". Gaur egun, berriz, plastika irakaslea da DBHn; lagun artean pertsona estimatua eta hitz-moteltasuna naturaltasunez onartzen duena: "Beti izango naiz hitz-motela, baina neure burua kontrolatzen ikasi dut. Akatsa baino gehiago nire ezaugarria dela esango nuke".

Ainhoa Arregik 27 urte ditu, eta hitz-motela da jaiotzez. Genetikoki jaso duen herentzia izan da, aita ere hitz-motela baita. Aitaren herentziak bere bizitza 'markatu' du, bere hitzetan: "Jendea ezagutzeko garaian hitz-moteltasuna muga izan da niretzat. Jende berriarekin harremanak egitea ez da erraza hasieran". Urteak igaro ahala, ordea, gero eta konfiantza handiagoa du bere buruarengan: "Hitz-moteltasuna kontrolatzen ikas daiteke, urteek ematen duten konfiantza klabea da horretarako".

Julen Bartolome 22 urteko eibartarra unibertsitateko ikaslea da gaur egun, eta lan bila hasten denean aukera gutxiago izango dituela uste du. Hori guztia hitz-motela delako. Lau urte zituenean hasi zen arazoekin. Bi aste egin zituen hitzik egin gabe, eta hitza berreskuratu zuenean totelka hasi zen. Geroztik, horrekin elkarbizitzen ikasi du: "Betiko lagunekin zorte handia izan dut, eta babestua sentitu naiz. Hemendik aurrera, ordea, lan munduan murgildu beharko dut, eta beldur naiz hitz-moteltasunak nire etorkizuna baldintzatuko ote duen".

Eneko Munitxa durangarrak 19 urte ditu. Jaio zenetik da hitz-motela, eta bizitza baldintzatu diola uste du: "Lagun edo harreman berriak egiteko garaian ez naiz nire lagunak bezalakoa. Atzean gelditzen naiz ezer esan gabe". Dena den, urteekin hobera egiten ari da, eta urte batzuk barru bere burua "kontrolatzen ikastea" espero du.

Hitz-motelekin lotutako testigantza horiek guztiak 'Ur Handitan' saioan ikusi ahal izango dira, gaur, 22:30etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (2)