22:30ean
'Mendi handitan', gaur gauean, 'Ur Handitan' saioan
EiTB
Protagonistak, orokorrean, mendizaleak dira. Batzuk, ordea, ez daude jada gurekin, mendian bizia galdu baitute.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Mendi handitan murgilduko gaitu 'Ur Handitan' saioak gaur gauean. Mendizale batentzat mendian, alegia, horrenbeste maite duen tokian, hiltzea drama bat al da? Zer ematen du mendiak gehiago, poza ala beldurra? Heriotza ala bizia? Programako protagonistak, orokorrean, mendizaleak dira. Batzuk, ordea, ez daude jada gurekin, bizia galdu baitute mendian.
Jabiertxo eta Loro lehengusuak ziren, beratarrak biak. 2007ko urtarrilean, ia astebururo egin ohi zuten moduan, mendiaz gozatzen ari ziren beste hiru lagunekin batera, tartean Edurne Pasabanekin. Pirinioetan, Taillon mendian, haientzat zailtasun berezirik ez zuen tokian, aurkitu zuten haietariko hiruk heriotza, eskalatzen ari zirela. Iñakik eta Patxik Loro anaia eta Jabiertxo Zubieta lehengusua galdu zituzten. Txarok Jabiertxo neba, Loro lehengusua eta Xabier Saralegi koinatua. Doluak Bortziriak hartu zituen eta samina hedatu zen. Gaur egun, mendiari irribarre batekin begiratzea lortu dute. Hiru mendizaleen errautsak mendian daude, etxetik gertu.
Edurne Pasabanek mendian bizitako istripurik gogorrena bezala gogoratzen du Taillongo hura. Lagun minak zituen Jabiertxo, Loro eta Xabier Saralegi. 14 zortzimilakoak amaitu gabe zituenean gertatu zen hori. Egun, orotara, 14 lagun joan zaizkio Edurneri mendian. Mendiaren eta heriotzaren arteko erlazioaz, hedabideok egiten dugun erabileraz zein bere ibilbideaz mintzatu dira tolosarrarekin.
Arkaitz Lasa eta Mikel Lejarreta mendizale andoaindarrak egun berean eta leku beretik igo ziren Taillongo tontorrera. Irteera hartan ez zuten arazorik izan; beste batzuetan, ordea, istripu larriak bizitakoak dira biak. Gogoratzen duten larriena Arkaitzek Pirinioetako Sabocos mendian izandako ia 50 metroko erorketa da. Inflexio-puntua izan zen bientzat.
Ritxar eta bere lagunak ez ziren bereziki mendizaleak. Egunero, etxetik irten eta aurrez aurre ikusten zuten Beriain mendia (San Donato). Askotan ikusi bai, baina gutxitan igo. 2005. urtean, Ritxarren lagunik minenak, Borja eta Ruben, mendi buelta bat egitera joan ziren. Ez zen kuadrillako beste inor animatu. Bi gazteak amildegi batetik behera erori ziren eta bertan hil.
Mendiaren arriskuak, mendia bidesari... gaur, 22:30ean, 'Ur Handitan' saioan, ETB1en eta eitb.eus-en.