Itxi

ETB1en, 22:00etan

Etxebizitzaren dramaz arituko dira gaur gauean 'Ur Handitan' saioan

EiTB

Leer en Castellano

Iñaki Salegi, Josune Huerta, Miren Schnitger, Teresa Atxalandabaso, Edgar Tamellini eta Leire Mendikuteren testigantzak bilduko dituzte.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Xabier Madariagak gidatzen duen 'Ur Handitan' saioak etxebizitzaren gaiari helduko dio gaur gauean. Euskal herritar askorentzat etxebizitza da arazorik handiena. Erostea erabakitzen dutenek bizitza osorako zorra pilatzen dute. Alokatzearen aldeko apustua egiten dutenek, berriz, gaur egungo soldatekin ordaindu ezin diren prezioak aurkitzen dituzte. Egoera horrek kaleratzeak ugaritzea ekarri zuen orain hamar urte. Garai hartan, egunean zortzi kaleratze egiten ziren. Egun, kezkatzeko moduko datuak ditugu oraindik: 1.611 etxe-kaleratze izan ziren iaz Hego Euskal Herrian, eguneko lau pasatxo.

Etxebizitzarekin herritar askok bizi duten drama ezin hobeto islatzen du Iñaki Salegi azpeitiarraren kasuak. 2007. urtean lagun bati hipotekarako abala ematea erabaki zuen, eta mesede hori gurutze-bidearen hasiera izan zen. Krisialdi ekonomikoaren ondorioz, lagunak ezin izan zuen pisua ordaintzen jarraitu, eta hipotekaren zama guztia Iñakiren gainera erori zen. Abal-emailea zenez, bankuak bere etxea kentzeko mehatxua egin zion, eta hipoteka bat ordaintzetik bi ordaintzera pasatu zen egun batetik bestera. Bankuari pisua eskaini zion, zorra barkatzearen truke, baina ez zioten eskaintza onartu. Kaleratzeak Stop elkartearen laguntzarekin, borrokan jarraitu zuen, eta ia 10 urte geroago lortu zuen pisuaren truke zorra kitatzea.

Hipotekaren hileroko kuota ordaintzeko arazoak dituzten herritarrak asko dira gure gizartean. Krisialdi ekonomikoak eta kuoten gorakadek muturreko egoeran jarri dute jende asko. Josune Huerta donostiarrak, esate baterako, ezin du kuota ordaindu, eta bankuak etxerik gabe utziko duen beldurrez bizi da. Semearekin batera kalean gelditzeko arriskuan dago.

Nolanahi ere, alokairua da etxebizitzarekin lotutako burbuila berria. Alokairuen garestitzeak kaleratzeak ugaritu ditu azken hilabeteotan. Miren Schnitger pasaitarrak otsailaren 28an utzi beharko du etxea. Senarrarekin batera bizi da bertan, eta ez daki non egingo duten lo martxoaren 1ean. Oraindik ez dute aurkitu bikoteak dituen diru-sarrerekin ordaintzeko moduko etxebizitzarik.

Muturreko kasuez gain, etxebizitzaren arazoa gizarteko sektore guztietara zabaldu da. Teresa Atxalandabaso 62 urteko donostiarra, esaterako, ezezagun batekin ari da pisua partekatzen, ezin diolako 1.300 euroko errentari bakarrik aurre egin. Askoz gazteagoak dira Edgar Tamellini eta Leire Mendikute (28 urte), baina arazo bera dute. Ingeniariak diren arren, beste pertsona batzuekin batera konpartitu behar dute pisua, alokairua ordaindu ahal izateko.

Etxebizitzaren dramarekin lotutako testigantza horiek guztiak 'Ur Handitan' saioan ikusi ahalko dira gaur gauean, 22:30etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (2)